Domekan, Arrikrutzen sarrerak erdi prezioan salduko dituzte eta bisitarien artean zozketak egingo dituzte. Alegia, Arantzazu Hotelean bi pertsonarendako aste bukaerako egonaldia eta Mugarik Gabeko Lurpea taldeko zortzi kobazuloak ikusteko sarrera bonua zozketatuko dituzte.
Kobazuloen Egunaren helburua kobetan dagoen ondarea ezagutaraztea dela esan digu Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako gerente Ikerne Altubek: "Kobak ondare oso garrantzitsua direla uste dugu. Elkartutako zortzi kobetatik lau, gainera, oso berriak dira eta zer erakutsi handia daukate. Hori guztia ezagutzeko samurtasunak eman gura ditugu. Gainera, teknologia berrien bitartez gaurkotasunera eta merkatuari egokituta ematen dugu ondarearen berri". Bestalde, apirilaren 25ean geologiaren gaineko eguna izendatuta dauka Unescok, eta Arrikrutz barne-barnetik egitasmoa abian jarriko dute.