Otsailean Eskoriatzan emandako kontzertua, bi dokumental, bi argazki galeria eta Latzenek bere ibilbidean eman dituen kontzertu guztien zerrenda jasotzen ditu taldeak kaleratu duen Hellmuga CD-DVDak. Lau ordu pasatxo dira guztira, taldearen lehena eta oraina uztartzen dituzten lau ordu.
Agur borobila
Taldekideek adierazi dutenez gustura daude emaitzarekin eta prozesuan zehar zalantzak badituzte ere, azkenean lan borobila irten zaiela uste dute, bai kalitate aldetik eta baita sentimentu aldetik ere.
Bitxikeria ugari jasotzen dira bertan. Taldearen hasierako irudiak ikus daitezke, besteak beste, euren bigarren kontzertua, Oñatiko Arrano tabernan eman zutena. CD-DVDarekin gainera, duela hamar urte eman ezin izan zioten amaiera eman nahi diote taldearen ibilbideari.
Aurkezpen bira eta azken kontzertuak
Bost kontzertu emango dute Latzenekoak CD-DVDa bultzatzeko, lehenengoa egubakoitz honetan bertan Oñatin, Errekaldeko jaietan. Behin aurkezpen bira amaituta beste pare bat kontzertu ere emango dituzte, seguruenik abuztu inguruan eta kontzertu hauekin behin betiko agurra emango diote taldeari.