Kale Barriko, Kale Zaharreko eta plazako argiak aldatuta, %65 gutxiago gastatuko du Udalak elektrizitatean

Kale Zahar osoko, Kale Barri osoko eta Foruen plazako zati bateko kale-argiak aldatuko ditu Udalak. Egunotan jaso du herriko argiteria publikoaren gaineko azterketa bat, eta horren ondotik, osoko bilkuratik pasatu beharko da aldaketa proposamena, eta azaroan hasiko dira lanak.

Aurrekontua 130.000 eurokoa da –Euskal Energiaren Erakundeari dirulaguntzak eskatuko dizkio Udalak–, eta oraingo argiteria publikoaren gastua %65 txikituko da.
Erabaki hori Udalak duen "konpromiso" baten ondorioa da, Lourdes Idoiaga alkatearen esanetan: dirua aurrezteko eta kutsadura murrizteko –gero eta iraunkorrago izateko, alegia–, duen konpromisoa.

Presio handiko sodiozko lurruneko (VSAP, gaztelaniazko sigletan) teknologia aukeratu du Udalak kale horietako argi berrietarako. Alkateak azaltzen duenez, "LED teknologia baino aproposagoa da argiteria instalazio berbera erabili gura bada, eta mantenua ere merkeagoa da". Hala, obra txikia beharko da Kale Zaharra, Kale Barria eta Foruen plazarako, ez da kableatua aldatu beharrik izango-eta; bakarrik bonbillak eta luminariak edo lanparak. Luminariok zelakoak izango diren oraindik ez du erabaki Udalak; hainbat aukera begiratzen dabiltza. Modu batera edo bestera, "orain adina argi emango dute, baina hobeto banatuta", diote udal arduradunek. CO2 gutxiago ere sortuko da: urtean, 514 tona gutxiago.

Herri osoko argiteria eraginkorragoa izan dadin da helburua; hortaz, 1. fase hori bukatuta, beste kale batzuei ekingo diete, baita udaletxeari ere.

Gai horren gaineko informazio gehiago izango duzue irailaren 17ko Goienkarian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.