Juan Antonio Agirianok irudikatuko du San Miguel

Mireia Bikuña 2007ko eka. 4a, 11:58
Aldaketak izango ditu domekan egingo den Korpuseko prozesioak. Egun horretako protagonista nagusia, San Miguel Goiaingerua, Juan Antonio Agirianok irudikatuko du aurten.
Urteetan San Miguel irudikatu zuen Joxe Errastik Fernando Diazi eman zion lekukoa duela hiru urte; eta, horrek, Juan Antonio Agirianori. 
Halaber, domekako prozesioak beste aldaketa batzuk ere izango ditu: Jon Agirrek irudikatuko du Jesukristo, eta Arantzazu Lizarraldek eramango du Mariaren atributua. Aldaketa hauek Sakramentu Santuaren Anaidiak, prozesioa berritzeko asmoz, orain lau urte hartutako erabakiaren ondorio dira.

Juan Antonio Agiriano

Lau urtetan San Andres irudikatu ondoren, Korpuseko prozesioko paper nagusia egitea egokitu zaio Juan Antonio Agirianori. "Ohorea da niretzat San Miguel irudikatzea. Baina, urduri xamar nagoela ere aitortu behar dut", esan zigun Agirianok. Azken asteotan, entseguak egin ditu. "San Miguelen burdinazko jantziak, guztira, 25 kilo ditu, eta horiekin nola moldatzen naizen jakiteko, entseguak egin ditut. Etxean ere ibili naiz pausoak ematen", aitortu zigun.

Edozelan ere, San Miguelen kaskoa da arazo gehien ematen dituena. "Jantziaren pisua eramatea baino, kaskoa, buruan, ondo geratzea da garrantzitsuena", esan zigun Agirianok. San Miguel izateko beste hautagai batzuek, kaskoa txiki izatearren, ez dute santua irudikatzeko aukerarik izan.

Domekan, 11:00etako meza nagusiaren ondoren, abiatuko da prozesioa. San Miguel, Kristo eta Apostoluak Santa Ana antzokian jantziko dira; eta kofradiako gainontzeko irudi eta lagunekin bat egingo dute parrokian. Ordurako, kaleak ihiz estalita egongo dira.
Korpuseko prozesioa plazan amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak