Joxean Larrañaga domekan izendatuko dute Oñatiko Parroko

Miren Arregi Amasorrain 2008ko ira. 23a, 12:02
Datorren domekatik aurrera, Oñatik Parroko berria izango du; Joxean Larrañaga da bera, eta domekan goizeko hamaiketako meza nagusian agur esango diote 14 urtez parroko lanetan aritu den Don Sabinori eta Larrañaga izendatuko dute Parrokiako buru. Jose Maria Uriartek, Donostiako gotzainak esango du meza.

Domekan goizeko 11etan izendatuko dute Joxean Larrañaga Oñatiko parroko. Debarra sortzez, 52 urte ditu eta azken 16 urteak eman ditu Billabonan erretore lanetan. Trintxerpen apaiztu zen Larrañaga eta bertan eman zituen bi urte. Ondoren, eta Billabonara iritsi aurretik, Usurbilen eta Tolosan egon zen, beti ere, apaiz laguntzaile lanetan.

Aitortu digu, penaz utzi duela horrenbeste urtetan egon den Billabonako parrokia eta herria, baina erronkak gustuko dituen gizona da Larrañaga eta itxaropentsu eta ilusioz beterik dator Oñatira. Oñati ezagutzen zuen aurretik ere, baina, batez ere turismo egitetik ezagutzen zuela esan digu.

Bere asmoa da, Oñatin emango duen lehenengo urtean parrokia eta parrokiako taldeak ezagutzea, herria ezagutzea eta azken finean,  herriko errealitatea ikusi eta ezagutzea. Ondoren, errealitate horren arabera, herritarrei Jesusen ebanjelioa eskaintzea.


Oñati eta Billabona herri desberdinak direla uste du, batez ere, tradizioari eta historiari dagokionean. Larrañagak dio, Oñati historikoagoa dela, eta horretarako, "dauden eliza, santuario eta komentuak ikustea besterik ez da behar". "Billabonan elizak 100 urte besterik ez ditu" gaineratu du. Herritarrei dagokienean berriz, ez dela desberdintasun handirik egongo uste du, "denetik dago-eta toki guztietan".

Esandako moduan domekan izendatuko dute ofizialki Larrañaga Oñatiko San Migel parrokiako erretore. Elizkizun berezia izango da, Jose Maria Uriarte gotzainak esango du eta parrokiako bi koruek eta Oñati abesbatzak abesteaz gain, Oñatz dantza taldeko dantzariek, Oñatiko dantzak eskainiko dituzte. Don Sabino, Oñatiko parroko berriaren laguntzaile izatera pasatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak