Joseba Lasagabasterrek irabazi du Oñatiko Bertso Txapelketa

Arritxu Barruso 2008ko mar. 30a, 16:43
Joseba Lasagabasterrek eta Ander Lizarraldek lortu zuten finalaren azken txanparako txartela. Biek ere lana ona egin zuten, baina, Joseba Lasagabasterrendako izan zen txapela. Entzuleek Ander Lizarralde izan zuten gustukoen.

Mirari Sagarzazuk jardun zuen Oñatiko Bertso Txapelketaren finalean jai-jartzaile lanetan.  Sagarzazuren aurkezpenen ostean, agurrak abestu zituzten sei finalistek. Argi geratu zen, orduan, zein asmorekin zihoan bakoitza finalera.

Bertso puntuagarriei dagokienez, zortziko nagusian kantatu zituzten lehenengo hiru bertsoak. Ariketa honetan Joseba Lasagabaster aritu zen egokien; arrazoi borobilak kantatuz bata bestearen atzetik. Ondoren, zortziko txikian beste hiruna bertso kantatu zituzten ofiziotan. Ander Lizarralde eta Joseba Lasagabasterren saioek eragin zituzten entzuleen algara eta txalo gehien.

Bakarkako lanean, Beñat Alberdi eta Joseba Igartuak ere lan ona egin zuten. Finaleko azken txanparako txartela, baina, Joseba Lasagabaster eta Ander Lizarraldek lortu zuten, beste lau bertsolariak txapela lortzeko aukera barik utzita. Buruz burukoan, lehenik, hamarreko txikian hiruna bertso kantatu beharra izan zuten. Saio polita egin zuten bien artean, humore finari leku eginez. Publikoaren epaia izan zen jakiten lehena. Ander Lizarralde izan zen bertaratutakoen gustukoena. Epaimahaiak, baina,  Joseba Lasagabasterri eman zion txapela. Daniel Agirre, bertso eskolako sortzaile eta bultzatzaileak  jantzi zion txapela. Lasagabasterrek familiakoak, bertso eskolakoak eta publikoa eskertu zituen agur dotore batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak