San Migel eta Errosario jaietako egitarauaren aurkezpen ofiziala egin zuen Udalak martitzenean. Lourdes Idoiaga alkatea, Amaia Intza kultura zinegotzia eta German Meabebasterretxea kultura teknikaria egon ziren aurkezpenean.
Partaidetza
Lourdes Idoiaga alkateak esan zuen bezala, "partaidetza handiarekin egindako jai egitaraua da, herriko hainbat taldek eta norbanakok hartu dute parte". Bide batez, jaiak "errespetuarekin" ospatzeko mezua zabaldu gura izan die herritarrei, "gauetan zarata handirik atera gabe eta kaleko altzariak hondatu gabe" ibiltzeko.
Amaia Intza kultura zinegotziak esan zuen "gustu eta adin guztietarako egitaraua egiten" saiatu direla eta "kultur aniztasuna bultzatzea" izan dela helburua aipatu zuen. Horrekin batera, "herriko taldeen arteko lagun giroa eskaintzea eta sortzea ere bada jai hauen helburua2, esan zuen Amaia Intzak. German Meabebasterretxeak, bestalde, aurrekontuak jaso dituen 167.000 euroak zertan gastatu dituzten azaldu zuen. "Hiruzpalau ordu irauten duten musika ekitaldiak ekarri ordez, kale ikuskizunen aldeko apustua egin dugu aurten ere; ia 42.000 euro gastatu ditugu talde horietan. Beste 50.000, adibidez, herriko talde ezberdinetan banatu ditugu. Aurten 20 talderekin batera osatu dugu egitaraua", zehaztu zuen. Kultura teknikariak gaineratu zuen azpiegituretan ere diru asko gastatu dutela eta beste zenbateko bat suak eta zezenak ekartzen, adibidez.
Presoen alde
Martitzenean bertan, Etxeratek eta EAEk salatu zuten aurten Udalak ez dituela urtero jaietan egiten diren presoen aldeko bi ekitaldiak sartu egitarauan: nagusien danborrada osteko manifestazioa eta Herri Egunean herriko preso eta errefuxiatuen aldeko ekimena. Etxerateko Begoña Usandizagak "izugarrizko mina" hartu dutela esan zuen eta EAEko Marijo Altubek "urrats berri bat eman ordez, aurkakoa egin dutela". Alkateak erantzun du esanaz ardurarekin jokatu dutela eta "asko kostatako erabakia" izan dela.