Jaien balorazio positiboa egin du Udal Kultura Sailak

Miren Arregi Amasorrain 2007ko urriaren 19a

Jaien gaineko balorazio positiboa egin dute Udal Kultura Sailak eta baita ezker abertzaleak ere.


Eguraldi ona lagun izan da aurtengo San Migel eta Errosaixo jaietan. Hala, jendearen parte-hartzea ikuskizun eta ekintzetan handia izan da jaiek iraun duten bi asteburuetan. Esaterako, Tirri Tarra fanfarre ikuskizunean 1.500 lagun inguru batu ziren Herriko Plazan eta lepo bete da plaza eta txosnagunea beste hainbat kontzertu eta ekitaldirekin ere, Kultura zinegotzi Amaia Inzak dioenez: "Jendearen parte-hartzea handia izan da, jendea kalean egon da eta oso giro polita izan dugu jaietan. Pena izan zen irailaren 30ean Kora talde senegaldarraren gaueko ikuskizunean euria egin zuela. Hori dela eta, jendea etxean gelditu zen".
Berrikuntzek ere izan dute arrakasta aurtengo jaietan. Hala adierazi du Amaia Inzak: "Zaldi hezitzaileen ikuskizunak jende ugari bildu zuen plazan. Kalegoieneko gunean kapoeira emanaldia ipintzea ere oso ideia ona izan zen, zaldi hezitzaileen ikuskizuna amaitzean jendea hara joan baitzen". Horrez guztiaz gainera, auto klasikoen erakusketan, gaztetxoentzako parkean, Tirri Tarra ikuskizunean eta Scura Splats valentziarrek eskainitako kale ikuskizunean ere herritar asko elkartu ziren.

Parrokiako pintaden gainean ere esan ditu hitz batzuk Kultura zinegotzi Amaia Inzak: "Egin duenak jakingo du zein onura atera duen. Horrelako eraikinetan pintadak ikustea benetan da deitoragarria eta penagarria".
Bestalde, azken urteen antzera, arratsaldeko sokamuturrak luze jotzeak herritarren kritika asko piztu ditu. Kexa orokorra izan da, Amaia Inzaren esanetan, eta Kultura Sailak aurrera begira arratsaldeko sokamuturra laburtzeko aukera aztertuko du. Hala, iluntzeko ekitaldiak aurreratzeko aukera izango da, eta beste emanaldi batzuk eskaintzeko aukera ere bai.

Ezker abertzalearen iritzia

Oñatiko ezker abertzaleak ere egin du jaien balorazioa. Euren arabera, oro har ondo joan dira jaiak, inolako gertakizun berezirik gabe. Txantxikuaren jaitsiera ekitaldi garrantzitsuenetarikotzat jo dute, jende askok lagundu zion-eta txantxikuari jaitsieran. 
Preso, errefuxiatu eta iheslari politikoen aldeko ekimenen gainean ere eman dute iritzia ezker abertzaleko kideek. Marijo Altubek esan du herritarrek erantzun oso ona eman dutela ekimen horietan, preso eta iheslariei eta euren familiei elkartasuna erakutsita.
Plazako agertokiaren kokapen berria begi onez ikusi dute, baina segurtasun neurriak zorroztu egin beharko liratekeela esan dute, haur bat erori zen-eta agertokitik. Azkenik, jai giroa herriko beste zenbait gunetara zabaltzeko eskaria egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak