Ivan Urtzelai oñatiarraren 'Bidaiak eta eskaladak Patagonian' lanarekin hasiko dute Mendi Astea

Aloña Mendiko mendi sailak gertu dauka 2009ko Mendi Astea. Martitzenean, hilak 10, hasiko dituzte bideo emanaldiak –hain zuzen, Ivan Urtzelai oñatiarraren lan batekin–. Gainera, hainbat irteera eta ikastaro antolatu dituzte.

Urteroko hitzorduari kale egin barik, aurten ere Aloña Mendik Mendi astea antolatu du. Bihartik aurrera, hainbat bideo emanaldi, mendi irteera eta ikastaro antolatu dituzte, herritarrek mendiaz gozatzeko.

Bertako mendizaleak

Helburu konkretu barik antolatzen dutela mendi astea adierazi digu AloñaMendi mendi saileko kide den Aritz Biainek: " Mendiari buruzko zerbait herriari ematea gura dugu".
Biainek dio saiatzen direla aste batean alpinismoa, eskalada, bidaiak… denetik sartzen. "Orain arte puntako jendea ekarri izan dugu, erdi profesionalak direnak. Aurten, ostera, ahalegindu gara bertako jendea, ingurukoa ekartzen", azaldu du Biainek aurtengo egitarauaz galdetuta. Hala, Ivan Urtzelai oñatiarrak hasiko du emanaldien zikloa. Bihar, martitzena, 19:30ean emango du Bidaiak eta eskaladak Patagonian ikus-entzunezkoa. "Hemen inguruko mendietan hara joan ahal izateko egin zuen entrenamendua erakusten du, eta baita bidaia bera ere. Aireportutik Patagoniarako bidaia eta azkenik, han egindako eskalada erakusten du", dio Biainek.
Mendi sailak azpimarratu gura izan du egueneko filma: "La Montagne perdue filmak iaz Torelloko mendi zinema lehiaketa irabazi zuen", azaldu du Biainek. Emanaldia 20:00etan izango da, sarrera hiru eurotan dago.

Mendi irteerak

Datorren aste bukaeran mendiko eski irteera antolatu dute Pirinioetan. Dagoeneko plaza guztiak beteta daude. Bestetik, domekarako Itxinako ingurune karstikoan ibilaldia antolatu dute. 08:00etan izango da irteera.

Informazio gehiago Aloña Mendiko webgunean duzue.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.