Duela lau urte egindako proiektua egi bihurtuko da laster Errekalde Herri Eskolako irakasleendako, gurasoendako eta ikasleendako. Hezkuntza sailak argi berdea eman dio ikastetxeko irisgarritasuna hobetzeko proiektuari, eta lanak datozen egunetan hasiko dituzte.
Igogailua kanpotik
Oztopo arkitektonikoak kendu, irisgarritasuna hobetu eta eskola barruko zerbitzuak berrituko dituzte. Instalaciones Inabesa enpresak egingo ditu lanak.
Lehen solairuan, komunak, dutxak eta aldagelak berrituko dituzte. "35 urtetan ez dira berritu. Aldika, konponketak egin ditugu, baina ezin genuen horrela jarraitu", esan digu eskolako zuzendari Joxe Fernandezek.
Bestalde, igogailua jarriko dute. Txikienek erabiltzen duten jolaslekuari zati bat kenduko diote, eta kanpotik jarriko dute. Igogailua "ezinbestekoa" dela dio zuzendariak: "Egungo edozein eraikuntzatan ezinbestekoa da igogailua egotea. Guk bigarren solairuan dugu biltegia, eta igogailuak lana arinduko digu". Baina, igogailua beharrezkoa ikusten du mugikortasuna arazoak dituzten ikasleendako eta gurasoendako. "Egun, mugikortasun arazoak dituen ikasle bat dugu. Besoetan igotzen dute gelara. Aurrerantzean, ez dugu arazo hori izango", dio Fernandezek.
"Lanak zatika"
Lanak datozen egunotan hasiko dituzte, eta eskolaren martxan ahalik eta eragin txikiena izan dezan, zatika egingo dute. "Komunekin hasiko dira, eta komunak eraberritu ondoren komunak. Ez dute lan bat egingo aurrekoa bukatu arte. Gainera, igogailua Lehen Hezkuntzakoen gelak dauden aldera jarriko dute, eta zarata handia egongo da", dio. Futbolean jokatzen duten gunera joateko, desnibel gutxiago duen arrapala berria egingo dute.
Makinak eta materiala eskolaren atzeko gunean utziko dituzte eta hesitu egingo dute ikasleek arriskurik izan ez dezaten. Langileek sarrera moduan Oñatz taldearen lokalera joateko atea erabiliko dute.
Lanak uztaileko amaitu beharko lituzkete.