Preferente mailako Aloña Mendiko futbol taldeak bana egin du Anaitasunaren aurka domeka arratsaldean jokatutako partiduan. Gorputzaldi txarrarekin bukatu dute gainera, etxekoek. "Denboraldi honetan egin dugun partidurik eskasena jokatu dugu, txarrena. Oso makal ibili gara arlo denetan, bai defentsan, bai aurrean; ez dugu batere ondo jokatu", zehaztu du entrenatzaileak, Josu Zubiak. "Egia esan ez genuen partidua irabazterik merezi. Berdindu egin dugu eta tira, baina ez genuen gehiago merezi", jarraitu du Zubiak. Etxeko taldearen gola Asier Ugartek sartu zuen 10. minutuan. Anaitasunak 65. minutuan berdindu du neurketa.
Bestalde, Anaitasuna taldea gogor ikusi duela aitortu du oñatiarren entrenatzaileak. "Ez zait iruditu azken postuetan egoteko moduko taldea denik, gogor ikusi dut. Min handia egin digu baloi luzeekin, adibidez", zehaztu du.
12 partidu falta
Denboraldia bukatzeko 12 partidu falta zaizkie oñatiarrei eta Josu Zubiak dioenez, norgehiagoka gogorrak izango dira denak. "Talde guztiok dugu zerbait jokoan eta hobetzen ahaleginduko gara denok", azaldu du.