Irabazi-asmorik gabeko gazte taldeei laguntzak emango dizkie Udalak

Mireia Bikuña 2008ko uzt. 11a, 15:25
2008ko egitarauak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko Udalak egin duen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen uztailaren 1ean. Hortaz, eskaerak abuztuaren 1era arte aurkez daitezke udal bulegoetan. Guztira, 13.677 euro banatuko dituzte gazteen jarduerak burutzeko.

Oñatiko taldeendako

Laguntza irabazi-asmorik gabeko Oñatiko erakunde, talde edo norbanakoek eskatu ahalko dute. Baldintza bakarra bete beharko dute eskatzaileek: taldearen kide erdiak, edota banakakoak 12-30 urte artekoak izatea eta Oñatin erroldatuak egotea. Eskaerak egiterakoan, besteak beste, taldearen curriculuma; Eusko Jaurlaritzako elkarteen erregistroan izena emana duela adierazten duen agiria; taldearen estatutuak; eta taldeak aurkezten duen egitarau bakoitzeko eskaera fitxa bat bete beharko dute.
Gaztedia Batzordeak eskaera guztiak aztertuko ditu eta dirulaguntzak emateko hainbat puntu hartuko ditu kontuan: taldeak egingo dituen jardueren kalitatea; urtean zehar egingo dituen ekintzak herriko giza-kultur mugimendua sustatzen laguntzea; garatutako jarduerak herriko gazte guztiei zuzentzea; taldeak lanean erakusten duen jarraipena eta egonkortasuna; eta euskararen erabilera sustatzea.
 

Lau ataletan

Dirulaguntzak lau ataletan banatuko dituzte. Alde batetik, urteko programaketa atalean gazte elkarteek esku artean duten jarduerak antolatzeko laguntza emango dute. Beste alde batetik, kultur sormena eta hedapena atalean, kultura eta arte arloan egindako proiektuak lagunduko dituzte; hain zuzen ere, maketen grabazioa eta edizioa; komiki edo fanzine argitalpenen edizioa; antzezlanen produkzioa; eta ikusentzunezko lanen produkzioa. Hirugarren atalean, materialaren erosketarako dirulaguntza emango dute; eta azken atalean, elkartearen helburuekin bat etorri, baina urteko programaziotik kanpo geratu diren jardueretarako dirua emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak