“Haurrak, Kamishibai bat antzeztera zoazela konturatzen direnean, lekurik aproposenaren bila abiatzen dira, bizkor, saioa ahalik eta ondoen jarraitzeko. Izugarri gozatzen dute”. Ipuinak kontatzeko teknika horri buruz asko idatzi duen Carmen Aldama irakasleari kendu dizkiogu hitz horiek. Kamishibaia-a 1920ko hamarkada bukaeran sortu zen Tokioko auzorik jendetsuenetan. Orduz geroztik, Japoniaren historiako gertaera nagusietan erabili da eta berebiziko eragina izan zuen Bigarren Mundu Gerran.
Irudia eta ahozkotasuna nahasten ditu teknika japoniar honek, egurrezko tramankulu bat euskarri moduan erabiliz.
Gisa horretako lehen saioa
Josu Jimenez izango da kontalaria eta euskaraz kontatuko dizkie Japoniako ipuin tradizionalak Oñatiko neska-mutikoei, 6 eta 10 urte bitartekoei, zehazki esateko. Era horretako lehen saioa izango da, gainera, eurentzat; Oñatin, behintzat, halako emanaldirik ez da egin lehenago. Gure artean teknika nahiko ezezaguna dela aitortu digu Arantzazu Ibarrondo Udal Liburutegiko arduradunak baina, gauza berriak bilatzeko ahaleginean, formula hau topatu eta ekartzea erabaki dutela gaineratu du.
Kamishibai teknika erabiliz egingo den ipuin kontaketa saioa bihar, egubakoitza, 18:00etan, izango da, Oñatiko Haur Liburutegian. Sarrera guztiak agortuta daude; bi egun aski izan dira horretarako.