Ipuin hunkigarria, bikain ume-ahotsetan

Txomin Madina Milikua 2010ko ots. 14a, 22:41
Kontzertua, antzerkia, zirkoa, magia-ikuskizuna,,. Ez da erreza atzo Ganbara Txikitxokoek eta Bergarako Orfeoi Txikikoek batera eskainitako emanaldia sailkatzea. Baina ikusitakoak ikusita, esan daiteke horien guztien batuketaren errezeta ederto asko irten zaiela.

Jostailugilea ipuin musikatua eraman zuten agertoki gainera bi abesbatzetako 90 neska-mutiko inguruk, beti ere energiaz beteriko Aitor Biainen zuzendariaren gidaritzapean.

Hasteko, soinu bandak

Lehenik eta behin, eta akaso urduritasunak uxatu eta ahotsak berotze aldera, handi zein txikien artean oso ezagunak diren filmetako piezak abestu zituzten. Abestu bakarrik ez, dantzan ere jarri baitzituen zuzendariak.

Atsedenalditxo baten ostean, Josu Elberdinek idatzitako Jostailugilea ipuin musikatuan murgildu gintuzten. Berez, istorio tristea da bertan kontatzen dena: jostailu paregabeak egiten dituen gizon batek, bere lagun izango den tximeleta bat egiten du egurrez... Baina nahi gabe hego bat hausten dio, eta konpondu ezin duenez, laguntza bila abiatuko da munduan barna.

Bidaia horretan aurkitutakoek emango dute abestietarako bidea; alaiak batzuk, tristeak beste batzuk. Baina ume-ahotsean ederki asko entzuten zirenak.

Dantzan eta kantuka aritu arren nabari zen neska-mutikoek oso serio hartu zutela lana eta Biain zuzendariarekin entseatutako orduek eman zuten fruitua. 

Ikusleekin jolasean

Aipatzekoa da baina, ikuskizuna ez zela soilik agertoki gainera mugatu. Ipuineko protagonistak ia-ia beteta zegoen antzokian ibili ziren gora eta behera. Josu magoaren ikuskizunak ere, ikusleekin zuzeneko parte-hartzea ekarri zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak