Oñatiko Udala duela hiru-lau urte hasi zen Usako nola kudeatu aztertzen. Izan ere, Oñatiko eta inguruko herrietako jende askok du bertara joateko ohitura bainua hartzera, jolastera edo egotera, beste barik. Hori horrela, Udalak beharrezkotzat jo zuen gutxieneko arautegi bat zehaztea: "Toki publikoa da eta ahalik eta ondoen aprobetxatzea da helburua" adierazi digu Andoni Gartzia Kirol zinegotziak. Arrazoi horregatik, hainbat berrikuntza lan egin dituzte, Bainuko Uraren Kalitateari buruzko Errege Dekretuaren baldintzetara egokitzeko. Lanen behin-behineko aurrekontua 65.200 eurokoa da eta Ugarte Eraikuntzak enpresak egin ditu.
Berritasunak
Dutxak eta edateko ura ematen duten iturriak ipini dituzte, besteak beste, eta egunotan belar-hazia ereitekoak dira. Zaintzailearentzako aldagela ere jarri dute –komun eta guzti–, horixe baita berrikuntzetako beste bat: Usakon begirale bat egongo dela aurrerantzean. Zein egunetatik aurrera egongo den, ze ordutegi izango duen eta beste hainbat puntu zehazteke daude oraindik, ordea. Gune arriskutsuak eta jauzi egitekoak, bestalde, seinaleztatu egingo dituzte. Laster ekingo diote zeregin horri ere.
Andoni Gartzia zinegotziak azaldu digunez, gai delikatua da eta pausuak seguru eman gura dituzte. Hiru sailen artean adostuko dituzte: Hirigintza, Zerbitzuak eta Kirol sailen artean, hain zuzen ere. Eguenean, uztailak 3, batuko da Gobernu Batzordea eta egun horretan helduko diote gaiari.