Iñigok eta Badiolak irabazi zuten Gipuzkoako erremonte kopako finala

Mireia Bikuña 2009ko eka. 28a, 15:10
Matxin III-San Miguel bikotearen kontra partidu gogorra irabazi zuten atzo Oñatiko Zubikoa kiroldegian (40-38). Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak eta Gipuzkoako kirol diputatu Iñaki Galdosek banatu zituzten sariak.

Finaletan txapelketako jokalari onenak lehiatzen ei dira. Zapatuan Gipuzkoako erremonte kopako finalean txapelketako bi bikote onenak lehiatu ziren. Iñigo eta Badiola (gorriz) eta Matxin III.a eta San Miguel (urdinez) sasoi puntu onean heldu ziren finalera, eta ikuskizun paregabea eskaini ziguten Oñatiko  pilotalekura hurbildutako zaleei. Merezimendu osoz jantzi zituzten txapelak Iñigo Lekunberrik eta Imanol Badiolak (40-38). Gipuzkoako erremonte kopako ezustea izan dira, bidean txapela irabazteko bi hautagai nagusi Ezkurra eta Patxi Zeberio kanporatu ondoren. Dena den, zapatuko finaleko lehen tantoetan bikote urdina hobeto ibili zen. Matxinek bikain jokatu zuen aurreko koadroetan, eta zabalera egindako dejadekin eta txokoan moztutako pilotekin 9-14 aurreratu zen bikote urdina.
Iñigok eta Badiolak ez zuten  hasierako tantoetan aurreko kanporaketetan bezain ondo jokatu. Baina, urdinek 15. tantoa egin ondoren, San Miguel atzelaria hutsak egiten hasi zen, eta gorriek lehen berdinketa lortu zuten: 15-15. San Miguel ez zegoen gustura bere jokoarekin eta biraoka hasi zen.

Aurreratu eta berdindu

Hurrengo tantoetan markagailuak gora-behera asko izan zituen, bi bikoteek izan zituzten abantailak, baina bi tantokoak gehienez ere. 26-22 aurreratu ziren Iñigo eta Badiola, baina urdinek 26na berdindu zuten. Matxin III.a eta San Miguel 29-31, 32-33 eta 33-34 aurreratu ziren, baina guztietan berdindu zuten gorriek.

Lasaiago jokatu zutenendako

Finaleko azken tantoak ere oso gogorrak eta parekatuak izan ziren. 31-31tik aurrera, gehienez ere tanto bakarreko aldea izan zuten 38-38ra heldu arte. Orduan lasaiago jokatu zuten Iñigok eta Badiolak. San Miguelek pilota behera bota zuenean egin zuten 39. tantoa gorriek. Azkenengoan Matxinek huts egin zuen.
Pozik eta txalo artean jaso zituzten sariak Oñatiko alkate Lurdes Idoiagaren eta Gipuzkoako kirol diputatu Iñaki Galdosen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak