Informatika ikastaroetan izena emateko epea zabalik

Maider Arregi 2007ko urr. 9a, 20:33
Bi informatika ikastaro antolatu ditu Udalak. Batetik, duela bi urte hasitako formazio planarekin jarraitzeko eta bestetik, emakumeei zuzendutakoa.


Udalaren Garapen Ekonomiko, Enplegua eta Merkataritza sailak lau ikastaro antolatu ditu. Ikastaroak urria eta abendua bitartean eskainiko dira Ikas Hiru akademian. Izen emate epea urriaren 17ra arte dago zabalik. Plazak mugatuak izango dira eta gehienez hamar pertsonako taldeak osatuko dira. Hona hemen lau ikastaroen berri:


Informatika teknikoa: ordenagailuen mantenua eta konponketa. Besteak beste, ordenagailua egunez egun babestea, konponketak, eguneraketak edota erosketa irizpideak ezagutzeko  aukera izango da. 30 orduko ikastaroa da. Matrikula: 60 euro.

Diseinu grafikoa: argazkigintza digitala, irudien tratamendua Photoshop bidez. Besteak beste, argazki muntaiak nola egin, kamara digitaletik edo eskanerretik jasotako argazkiak lantzen ikasiko da. Sakontze maila. 30 orduko ikastaroa da. Matrikula 60 eurokoa da.

Ofimatika: software librea: Linux eta Open Office. Hasiera mailako ikastaroa. Besteak beste, software librea erabiliz, testuak eta kalkuluak modu errazean egiten ikasiko da. 40 orduko kurtsoa da. Matrikularen prezioa 70 eurokoa da.

Gai monografikoa: segurtasuna eta antibirusak: ordenagailua babesten ikasteko neurriak. Besteak beste, informatikako  matxurak konpontzen irakatsiko da ikastaroan zehar. 8 orduko kurtsoa da. Matrikula 18  eurokoa da.

Emakumeei zuzendutakoa

Udal Gizarte Zerbitzuen departamenduak antolatu du ofimatika eta mekanografia ikastaroak. Bi maila egongo dira, hasiera maila (120 ordu) eta birziklatze    maila (36 ordu). Izen emate epea zabalik dago urriaren 29ra arte. Ikastaroaren helburua, ordenagailuari beldurra kentzea, oinarrizko informazioan jasotzea eta emakumeak teknologia berrietara hurbiltzea da, hain zuzen ere.
Hasierako mailan, lan munduan eta etxean gehien erabiltzen diren programa informatikoak erabiltzen irakatsiko da. Windows sistema, Word, Excel, Power Point eta mekanografia landuko dituzte.
Birziklatze mailan berriz, emakumeek lehendik duten ezagutza eguneratu eta sakontzea da helburua. Baita zalantza eta arazoei irtenbidea ematea ere.
Ikastaro hau, Oñatin erroldatuta dauden 65 urtetik beherako emakume guztiei dago zuzenduta. Talde txikiak osatuko dira, hamar pertsona gehienez. Hala, ikasleen banakako jarraipena egitea erraztuko da eta bakoitzaren ikasketa erritmoa eta zailtasunak errespetatuko dira. Eskolak goiz edo arratsaldez izan daitezke taldearen arabera. Ordutegia ere taldearekin finkatuko da. Informazio gehiago Ikas Hiru akademiako telefonora deituz eskuratuko duzue: 943 78 31 03.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak