Informatika ikastaroetako izenemateak hilaren 31ra arte

Mireia Bikuña 2008ko urriaren 24a

Informatika eta mekanografia ikastaroa egin gura duten 65 urtetik beherako emakumeek Ikas Hiru akademian edo 943 78 31 03 telefonoan eman behar dute izena. Ikastaroa bi mailatan banatuko dute ikasleen ezagutzaren arabera: oinarrizko ikastaroa eta birziklatze ikastaroa.

Ordenagailuari beldurra galdu, informatikako oinarrizko informazioa jaso eta emakumeak teknologia berrietara hurbiltzea dira ikastaroaren helburu nagusiak. Etxekoandreek, langabetuek, eta kontratu finko barik, aldi baterako kontratuak dituzten 65 urtetik beherako emakumeek dute Gizarte Zerbitzuek antolatutako ikastaroan parte hartzeko lehentasuna.

Ikastaroa bi mailatan

Informatika ikastaroa bi mailatan banatuko dute ikasleen ezagutzaren arabera: alde batetik, oinarrizko ikastaroa informatikako ezagutza ez duten emakumeendako; eta beste alde batetik, birziklatzeko ikastaroa oinarrizko ezagutza dutenendako.
Oinarrizko ikastaroa 120 orduko izango da, eta lanean eta etxean gehien erabiltzen diren programa informatikoak landuko dituzte; besteak beste, Word, Excell, Power Point eta Windows sistema eragilea. Era berean, ordenagailu bidezko mekanografia landuko dute. Informatikako oinarri sendoa finkatzea da helburua. Birziklatze ikastaroa 36 ordukoa izango da, eta aurretik zuten ezagutza eguneratu eta sakondu, eta zalantzak argitzeko aukera izango dute ikasleek.
Izenematea bukatu ondoren, ikasleen arten finkatuko dute ikastaroaren ordutegia eta egutegia. Dena den, eskolak goizez edo arratsaldez emango dituzte, eta astean egun baten edo bitan. Bestalde, hamar pertsonako taldeak osatuko dituzte; besteak beste, ikasleen banakako jarraipena egiteko eta bakoitzaren lan erritmoa errespetatzeko.

Diruz lagundutako ikastaroak

Bestalde, Udalaren Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza departamentuak diruz lagundutako informatika ikastaroak antolatu ditu. Hain zuzen ere, sei ikastaro emango dituzte azaroan eta abenduan. Izena emateko edo informazioa eskatzeko interesatuek Ikas Hiru akademiara dei dezakete, 943 78 31 03 telefonora, egubakoitza aurretik. Bestalde, plaza mugatuak eskainiko dituzte, eta talde bakoitzean, gehienez hamar pertsona hartuko dituzte.
Ordenagailuen mantenua eta konponketak (30 ordu eta 60 euro); Oinarrizko ofimatika: Word, Access, Excel eta Power Point (30 ordu eta 50 euro); Bideo edizioa (40 ordu eta 70 euro); Photoshop (30 ordu eta 18 euro); Segurtasuna eta biruskontrakoa (zortzi ordu eta 18 euro); eta Erosketak internet bidez (sei ordu eta 12 euro) dira diruz lagunduta antolatuko dituzten ikastaroak.
Aurrera begira, beste hainbat ikastaro emango dituzte; besteak beste, Ofimatikako sakontze  eta Photoshop ikastaroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak