Informatika gelarako irakaslea aukeratzeko deialdia egin dute

Mireia Bikuña 2008ko uzt. 2a, 20:04
Deialdia gaur kaleratu dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta eskaerak aurkez daitezke uztailaren 17ra arte, udal bulegoetan. Lanpostua eskuratzen duen lagunari urtebeterako kontratua egingo diote, eta hiru urtera luza daiteke.

Betebeharrak, bi ataletan

Gaztelekuko informatika gelako irakasle-arduradunaren betebeharrak bi ataletan banatzen dira: alde batetik, harrera zuzeneko betebeharrak daude; eta beste alde batetik, programaketa eta  kudeaketa. Bestalde, informatika gela zabalik egongo da astelehenetik egubakoitzera, egunero sei orduz. Era berean, jaiegunetan eta abuztuan, azken astelehenera arte, itxita egongo da gaztelekuko zerbitzua.
Harrera zuzenerako betebeharren artean daude, besteak beste, nerabeen zerbitzuan sarrera eta parte-hartze egokiak antolatzea, hiru hilean behin adostutako ekintzak gauzatzea eta zerbitzuaren erabilpen egokia ziurtatzea. Horiek guztiak egingo ditu, astelehenetik egubakoitzera, 16:50etik 20:10era.
Programaketa eta kudeaketa betebeharrei, astelehenetik egubakoitzera, egunero ordu bat eskaini beharko die, eta eginkizunak hauek izango dira: gelako mantentze orokorrarekin loturiko betebeharrak –tresneria informatikoen zainketa, bulegoko materiala erostea eta zerbitzua hobetzeko proposamenak egitea, besteak beste–; gaztelekuko zabalkunderako sorkuntza-lanekin lorturiko eginkizunak; eta informatika gelaren eta gaztelekuaren arteko koordinaketa eta ebaluazio lanak egitea.

Baldintzak

Hautagai aproposena aukeratzeko orduan hiru atal hartuko dituzte kontuan: eskaintza ekonomikoa, suspertze programa eta zerbitzua eman behar duen pertsonaren ezaugarriak. Azken horretan beste hainbat ezaugarri hartuko dituzte aintzat: hain zuzen ere, lan esperientzia, euskara jakitea –EGAren pareko maila eskatuko dute– eta titulazioa: Informatikan, Kazetaritzan edo Arte Ederretan lizentziaduna edo Informatikan Ingeniaritza Teknikaria izatea baloratuko dira gehien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak