Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Euskadiko promesak izango dira parte hartuko duten selekzioak; bai nesketan eta baita mutiletan ere. Ibarreko sei jokalari ibiliko dira jokoan, denak oñatiarrak: Aitor Billar eta Ander Varela mutiletan, eta Alazne Aierbe, Leire Ugarte, Igone Anduaga eta Lore Iñurritegi nesketan. Gainera, Gipuzkoako nesken selekzioko entrenatzailea Iñaki Kantero oñatiarra izango da.
Goizeko 9:30ean neskek hasiko dute txapelketa: Gipuzkoa eta Euskadik jokatuko dute. Ondoren mutilen txanda etorriko da; 10:30ean Gipuzkoa eta Euskadik jokatuko dute. Beste finalerdiak, bai nesketan eta baitan mutiletan ere Bizkaia eta Nafarroak jokatuko dute –neskek 11:30ean eta mutilek 12:30ean–.
Arratsaldean finalak
Hirugarren eta laugarren posturako lehia 15:30ean hasiko da eta finalak 17:30ean –neskena–, eta 18:30ean –mutilena– izango dira.
Sari banaketa 20:00etan izango da plazako kioskoan. Bestalde, Aloña Mendik gonbidatuta, jokalari guztiek Pago Uso elkartean bazkalduko dute, bi txandetan banatuta. Antolatzaileak gustura daude, eta txapelketa indartzea espero dute.