Iker Lezeta txapeldun, Benito Rosek onena dela berretsi duen proban

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 22a, 21:27
Iker Lezeta donostiarrak irabazi du Gipuzkoako trial txapelketa. Gaur goizean ospatu den Arantzazuko proban Ion Areitio hondarrabiarra baino hobeto aritu da eta Donostiara eroan du txapela. Benito Ros munduko trial txapeldunak, bestalde, onena dela berretsi du harentzat entrenamendu saio besterik izan ez den proban. Debagoiendarren artean, azkenik, elite mailan jarduten duen Aitor Murua aretxabaletarrak ez du egun onena izan eta bosgarren postuan geratu da.

Triala izan da protagonista gaur goizean Arantzazun. Orain aste bi eguraldi txarra zela-eta bertan behera geratu zen proba; gaur, baina, eguraldia ezin zen hobea izan. Antolakuntzak balorazio positiboa egin du, "46 parte hartzaile eta ikusle dezente" adierazi dute.

Lezeta txapeldun
Arantzazuko azken proban erabaki da Gipuzkoako trial txapelduna. Iker Lezeta donostiarra da txapeldun berria gaur goizeko proba Ion Areitio hondarrabiarrak baino hobeto egin ostean. Elite mailan bien artean zegoen lehia, eta Lezetak ez du hutsik egin: 22 puntu egin ditu, Areitiok, berriz, 30. Biek gune guztiak amaitu dituzten arren, Lezetak puntu gutxiago egin ditu.

Pozik garaipenarekin
Iker Lezeta munduko txapelduna izandakoa "oso pozik" zegoen probaren ostean. Arantzatzuko proba, gainera, bereziki gustatzen zaio: "asko gustatzen zait Arantzazuko zirkuitua, urte asko daroat etortzen. Oso leku polita da eta oso gustura etortzen naiz". Proba "oso teknikoa" izan zela adierazi zuen. Teknikoa izateaz gain, Lezetaren ustez, "zirkuitua nahiko zaila izan da. Ikusi besterik ez dago Benitok egin dituen puntu kopurua: 19 puntu egin ditu, normalean 0 eta 5 puntu artean geratzen denean".

Rosek, areriorik ez
Benito Rosek areriorik ez duela argi utzi du beste behin. Besteekin alderatuz, erraz gailendu ditu oztopoak eta ezin duenez Gipuzkoako txapelketa irabazi –nafarra da–, asko arriskatu du hainbat gunetan. Hortik 19 puntu egin izana, asko Rosentzat: "gaurkoan inoiz baino gehiago arriskatu dut, guneak are gehiago zaildu ditut askotan". Gaur goizekoa, hortaz, entrenamendua izan da munduko txapeldunarentzat.

Ez da muruaren eguna izan
Debagoiendarren artean Aitor Murua aretxabaletarra izan da elite mailan lehiatu den bakarra. Bosgarren postuan amaitu du; ez da haren egun onena izan. Hala ere, Muruak elite maila oraingoz handi geratzen zaiola aitortu du: "junior mailan erraz ibiltzen nintzen eta aurten igo naiz elite mailara. Aldaketa handia da, oraindik asko hobetu beharra daukat maila honetan ondo ibiltzeko".
Muruaz gain, beste lau debagoiendar lehiatu dira Arantzatzun: Itziar Murua –Aitorren arreba eta neska bakarra–, Markel Uriarte eta Unai Zunzunegi aretxabaletarrak eta Jon Madina oñatiarra.

Elkarrizketa: Benito Ros, munduko trial txapelduna

"Halako probek nire maila hobetzen laguntzen didate"

Benito Ros munduko trial txapeldunak entrenamendu moduan hartu ditu Gipuzkoako txapelketarako probak, nafarra denez ezin du-eta irabazi. Egun areriorik ez duela argi utzi du; ikusleak aho bete hortz utzi zituen txapelketaren ostean inprobisatu duen erakustaldian.

Nola ikusi duzu gaurko proba?
Oso dibertigarria iruditu zait, eta eguraldiak asko lagundu du. Beste urte batzuetan eguraldia txarrarekin dezente sufritu izan dugu.

Non hobeto, harrian ala lurrean?
Nik nahiago ditut harrizko guneak lurrezkoak baino, teknikoagoak eta politagoak iruditzen zaizkit. Hala ere, gune bakoitzak dauka bere xarma.

Gustatu al zaizu zirkuitua?
Gustatu zait, ez zen ez oso erraza eta ezta oso zaila ere. Oso ondo pasatu dut; horretara nator, finean.

Ondo pasatzeaz gain, entrenatzeko aukera paregabea izango da, ezta?
Bai, nik ezin dut Gipuzkoako txapelketa irabazi nafarra naizelako. Hala, entrenamendu moduan hartzen dut. Hala ere, denbora eta ibilbidea mugatua dagoenez, beste era bateko entrenamenduak dira, eta nire maila hobetzen asko laguntzen didate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak