Oñatiko Gazte Batzarrekoek III. Gaztetxe Eguna antolatu dute zapaturako. Gazteburua delako aste bukaeraren barruan ospatuko den eguna izango da: hala, egun berezia zapatua izango bada ere, ekitaldiak eguenean hasi eta domekan amaituko dira.
Egitarau zabala
Eguenean, eztabaida irekia antolatu dute Portu tabernan 18:00etan. Landuko duten gaia Portu taberna izango da, jarraitu edo utzi. Egubakoitzean, 22:30ean, portu koplak antolatu dituzte plazako frontoian. Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin arituko dira. Ostean, 00:00etan, zinema egongo da: El año del lobo filma emango dute.
Zapatuko egitaraua 10:30ean Portu tabernatik hasiko den triki-bertso-poteoak irekiko du. 13:00etan, jokoak egingo dituzte eta, ondoren, 14:30ean, bazkari herrikoia, plazako frontoian. Txartelak Portun daude salgai, 5 euroren truke.
Kalejira egingo dute Oxabi taldearekin 17:00etan hasita, eta 18:30ean, manifestazioa, Herri bat gaztetxe bat lelopean. Kontzertuak ere egongo dira 19:30etik aurrera. Pikutara, Akrata, Semeputiek, Golpe de Estado, Sexu Pistolak eta Bitz taldeek joko dute frontoian.
Domekan izango da azken ekitaldia. 18:00etan, Juan Luis Zabalak hitzaldia egingo du Portu tabernan: Lehengo eta oraingo gaztetxeak eta gazte mugimenduak izenburua dauka.