Banakako defentsak
Ereintzaren eta Zarautzen arteko emaitza jakinda irten ziren kantxara Aloñako neskak. Erasoan joko azkarra eginez eta atezainaren geldiketei esker, bost goleko errenta hartu zuten 12. minutuan. Aloñako jokalari Selene Sifuentesek erasoan baliabide asko dituela erakutsi zuen, eta askotariko golak egin zituen. Portugaleteko entrenatzailearen aginduz banakako defentsa egin zioten mexikarrari. Baina, oñatiarrek ez zuten jokoaren erritmoa galdu eta abantailarekin heldu ziren atsedenera: 15-10.
Bigarren zatian, talde jokoa alde batera utzi eta erasoan jokaldi pertsonalak egiten hasi ziren Aloñako jokalariak. Portugaletako atezainak bost geldiketa egin zituen, eta 20-17 jarri ziren markagailuan. Partiduaren garrantziaz jabetuta oñatiarrak kontraerasoan jokatzen hasi ziren. Erika Arteagak gol inportanteak sartu zituen, eta zortzi goleko errenta zabaldu zuten: 28-20. Jarrilleraseko jokalariek banakako defentsa egin zieten Sifuentesi eta Arteagari, baina ez zuten lehia irabazteko aukerarik izan.