Laugarren urtea da udako turismo eskaintza egiten dutela, eta bereziki natur ibilaldi gidatuak azpimarratu zituen Iker Altubek: "Urtez urte natur ibilbideetan parte hartu duten bisitari kopurua igo egin da. Aipagarria da gainera, gehienak, ibarreko turistak direla. Horregatik, eskaintza zabaldu gura diegu, Oñatitik kanporako, baina, Debagoieneko bizilagunei".
Natur Eskolako kideekin egiteko sei ibilbide daude aukeran: Mitologia eta historiaurrea (uztailak 13), Mendiko larreak eta artzaintza (abuztuak 10), Iturrigorriko basoa (uztailak 27), Uraren ibilbidea (abuztuak 9 eta 24), Orkatzategiko hegazti kolonia (uztailak 12) eta Arantzazu erreka eta kobazuloak (uztailak 26 eta abuztuak 23), hain zuzen ere. Hauetatik azken hiruak dira bisitari gehien jaso dutenak. Bestalde, ibilaldietan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da: 943 78 34 53 telefonoan.
Era berean, ibarreko bizilagunei Arrikrutz bisitatzeko dei berezi egin diete. "Lehen urtean 25.000 bisitari egon dira kobak ikusten, baina 2.000 bakarrik ziren debagoiendarrak. Bestalde, taldetan etortzeko gomendioa egin nahi dugu", ezan zuen Ikerne Altubek. Arrikrutz ohiko ordutegian zabalduko dute udan.
Korpusetako erakusketa
Aurtengo berrikuntza bakarra, maiatzaren 31n zabaldu zen Korpuseko prozesioari buruzko erakusketa da. Urriaren 26ra arte egongo da ikusgai, ordutegi honetan: zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era; domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta jai bezperatan bakarrik, 17:30etik 20:30era zabalduko da. Horren harira, bisita bi modutara egin daiteke: norbere kontura edo Turismo Bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuen bidez. "Oraingoz 1.745 bisitari egon dira, horietatik765 bisita gidatuekin joan dira".
Informazio puntua
Unibertsitatera eta Parrokiara egiten diren bisita gidatuek jarraipena izango dute udan. Horren harira, Turismo Bulegoko Iñaki Igartuak esan zuen uztailean zabalduko dutela Unibertsitateko informazio gunea: "Bosgarren urtez jarriko dugu informazio puntua. Toki ona da, turista asko zuzenean unibertsitatera joaten da, eta han jasotzen dute gainerako informazioa".
ETAren su-etena bukatu ondoren, turismoak atzera pausoa eman zuen arren, Oñatira etorritako turista kopuruak gora egin duela esan zuen Ernesto Murgiondok: "2006an 18.846 turista egon ziren, eta udako lau hilabetetan, 8.619; iaz, 20.293 turista egon ziren, eta udan, 9.453. Aurten, lehen bost hilabetean, 7.668 bisitari etorri dira, iazko garai berean baino 720 gehiago. Emaitzak onak dira, baina lanean jarraitu behar dugu".