I. Oñatiko Garagardo Ferixiak jende asko bildu du karpapean

Edurne Burgaña 2007ko uzt. 23a, 13:45
Hau irakurtzen daudenen artean, bat baino gehiago buruko minez egongo da oraindik. Arrazoirik ez zaie falta: Oñatin, Aloña Mendi elkarteak I. Garagardo Ferixia antolatu du, eta jende mordoa ibili zen aste bukaeran, karpa azpian, garagardoa dastatzen.

Jana eta edana

Oñatiko Foruen plazan, ohiko autoen ordez, karpa handi bat egon da asteburuan. Barruan, zortzi garagardo mota aukeran: beltza, horia, zazpi gradu zituen beste bat —horrelako asko ezin edan, bestela, oker etxera—, eta, tartean, alkohol bariko bat ere bai. Aproposa gidatu behar zutenentzako, edo, besterik barik, alkoholik hartzeko gogorik ez zuen edonorentzat. Baina edaria bakarrik ez, janaria ere egon zen: oilaskoak, txerri ukondoak eta saltxitxak. Mahaietan eserita, jende asko egon da ukondoa gustura jaten, alboan garagardo pitxarra batekin. 500 lagunentzako tokia zegoen, mahaietan eserita jan edo afaltzeko, eta beteta egon dira egubakoitzean eta zapatuan.

Batzordekoak, pozik

Jaia antolatzeko aitzakia ere polita izan da: batetik, Aloña Mendi elkartearen eguna ospatzea, sail guztien –14 dira– arteko elkartasuna areagotzea; eta, bestetik, haientzat dirua lortzea. Elkarteko 150 lagun egon dira lanean; batzuk, sekula barra atzean egon barik eta, lehenengo garagardoa ateratzeko unean, urduri. Ez da lan makala garagardo freskoa era dotorean ateratzea, eta, emaitza moduan, aparra bere neurrian edukitzea.

Domeka elkartekoen eguna izan zen. Eguerdian karpara sartu eta batzordeko kideak zeuden, mahaietan eserita, oilaskoa jaten. Eurek zerbitzatu eta eurek jan. Barrez zeuden, giro politean, musika jarri eta berriketan. Pozik, egubakoitzean karpa zabaldu zenetik, jende asko ibili zelako, garagardo ederrena aukeratu eta edaten. Eta lasai, amaitu delako lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak