Espainiako Gobernuaren dirulaguntza, hiru proiektutarako

Miren Arregi Amasorrain 2009ko urt. 14a, 17:24
Krisiari aurre egiteko neurrien artean, Espainiako presidente Rodriguez Zapaterok dirulaguntzak emango dizkie udalei, inbertsiotarako. Bada, Oñatik diru kopuru bat jasoko du Madrildik, herriko hiru gune konpondu eta hornitzeko. Hain zuzen, oraingoz, Oñati da Espainiako Gobernutik dirulaguntza jasoko duen Debagoieneko herri bakarra, beste batzuek oraindik ez dituzte-eta eskariak egin. Eskaerok aurkezteko epea urtarrilean amaitzen da.

Oñatiko Udalak Madrilen aurkeztutako hiru proiektuei eman die baiezkoa Espainiako Gobernuak. Krisia dela-eta Espainiako Gobernutik iritsiko diren dirulaguntzak herriko hiru gune konpondu edota hornitzeko erabiliko dira. Hain justu, Korreos ingurua urbanizatzeko, hilerrirako bidea konpontzeko eta Euskadi etorbideko irisgarritasun lanetarako.

Hala, Korreos inguruko urbanizazio lanetarako 719.000 euro inguru jasoko ditu Madrildik Oñatiko Udalak. Kopuru hori, besteak beste, egungo autobus geltokira bideratuko da; izan ere, autobus geltokia dagoen tokitik Korreos aurreko aldera eroango dute, orain aparkalekuak dauden tokira. Aldaketa horrekin batera, aurreikusten da komun publikoz hornitutako markesina bat ere ipintzea, eta baita Ibarra eta Korreos artean eta hilerrirako igoera hasten den eskaileretan biribilguneak ipintzea. Bestetik, lokomotora dagoen berdegune txikian parke bat egingo dute.

Hilerrirako bidea konpontzeko, berriz, Oñatiko Udalak 717.000 euro pasatxo jasoko ditu. Kasu horretan, pareta bat ipiniko dute lur jausiak saihesteko, kanposanturako bidea zabalduko dute eta bidegorri bat egingo da, jolasparke batekin inguruetan.

Bi proiektu horiek astelehenean onartu ziren Madrilgo Gobernuan; atzo, berriz, hirugarren proiektuari eman zioten baiezkoa. Hain zuzen, Euskadi etorbideko oztopo arkitektonikoak kentzeko proiektuari. Hori, Oñatiko Udalaren irisgarritasun planaren bigarren fasearen baitako da, eta orain, Madrilgo Gobernutik iritsiko da diru hori ordaintzeko. Hain zuzen ere, 466.000 euro inguru bideratuko dira horretara. Aurrekontu horren barruan sartzen da baita ere Euskadi etorbidetik pasatuko den bidegorri zatia.

Oraingoz, Debagoienean, Oñatik aurkeztutako proiektuei bakarrik eman die baiezkoa Madrilek; izan ere, ibarreko beste herri batzuek proiektuak aurkeztu ere ez dituzte egin oraindik. Aurkezten diren proiektuak inolaz ere ezin dira egon urteko aurrekontuetan aurreikusten diren ekintzen barruan. Lanok apirilaren 13a baino lehen hasi beharko dituzte eta oraingo urtearen barruan burutuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak