Herritarren laguntza eskatu dute Parrokiako lanetarako

Mireia Bikuña 2007ko ots. 5a, 09:51
Asteon hasiko da Parrokiako eraberritze lanetarako herritarren dirulaguntzak bideratzeko kanpaina. Lan hau amaitzeko izenburuarekin, triptiko informatibo bat bidaliko da herritar guztien etxetara; bada, 25 eta 65 urte bitarteko herritar guztiek jasoko dute informazioa eta dirulaguntza eskaera duen eskutitza.

127.000 euro

Kanpaina honen helburua herritarren ekarpenekin 127.000 euro jasotzea da.

Oñatiarrek etxean jasoko duten eskutitzean, kuota bidez, dirulaguntzak bideratzeko proposamena egingo zaie. Hala, sei, hamabi edo hemezortzi euroko kuota ordaintzeko proposamena egingo zaie, edo norberak gura duen beste kopuru bat. Ordainketa hori kontu korronte bidez edo Internet bidez egin daiteke.

Herritarren laguntza eskatzeaz gain, Parrokiako ekonomia batzordea herriko enpresetara ere zuzenduko da, euren laguntza eskatzeko.
Parrokiako kanpandorrea, klaustroaren kanpoko hormak eta elizaren sarrera nagusia garbitu eta konpontzeko lanek 724.000 euroko aurrekontua dute.

Parrokiako kanpandorreko erlojua konpondu egingo dute

Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokiako kanpandorrea garbitzeko lanak tarteko, kanpandorreko erlojua konpontzeko erabakia hartu du Udalak. Bada, kanpandorrea zaharberritzeko lanek aukera paregabea ematen dute erlojuaren instalazioa konpontzeko, kanpandorrea bera aldamioz inguratuta dago-eta.

Kanpandorreko erlojua gaizki dago: lau esferetatik bi (plazara eta Kale Zaharrera alderako esferak) hondatuta daude. Bestalde, erlojuaren orratzak mugitzen duen mekanismoa zaharkituta dago, eta hori ere aldatu egin behar da.

Erlojuaren mantentzea egiten duen Tecnikronos enpresak egingo ditu konponketa lanak. Gaur egun erlojuak dituen esfera, aro, orratz eta transmisioko mekanismo zaharrak desmuntutako dira. Hala, horien ordez, metakrilatozko lau esfera berri jarriko dira, eta baita esfera berriendako orratz eta aro berriak ere. Lanon aurrekontua 8.224 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak