Herritar asko Joxean Larrañaga parrokoak parte hartu duen lehen prozesioan

Mirian Biteri 2009ko ekainaren 14a

Oñatiarrek hain gustuko dituzten jaiak ospatu dituzte aste bukaeran herrian: Corpus jaiak. Gaur, domeka, egun handia egin dute han; aspaldiko tradizioak beste behin ere herriko kaleetara ateratzeko eguna.

Parrokian meza nagusia egin ondoren, eguerdian prozesioa hasi zen. Jendez lepo beteta zeuden ordurako erdiguneko kaleak. Zeruak euria mehatxatzen bazuen ere -meza iraun zuen bitartean tanta batzuk ere bota zituen-, San Migel, Jesus, 15 pausuak, apostoluak eta gainontzekoak kalera irten zirenean zertxobait atertu egin zen.

Dena espero moduan irten zen: Juan Antonio Agirianok, esaterako, ederto egin zuen bere lana San Migelen paperean. Hirugarren urtez, Agirianok 25 kilo pisatzen dituen jantzia eraman du. Oñatz dantza taldeko dantzariek, aurten jaunartzea egin duten neska-mutikoek eta aingerutxoek ere ez zuten huts egin.

Parrokoa estreinatu zen

Aurreko urteotako prozesioarekin alderatuta, berrikuntza bakarra egon zen: Joxean Larrañaga parrokoak lehen aldiz parte hartzen zuela, hain zuzen. Kale nagusienak igaro eta plazan Agur jauna abestu ostean, datorren urtera arte agurtu zen prozesioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak