Herriko hondakinekin artelanak egin dituzte gaztetxoek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 19a, 14:33
Martxoaren 14tik 18ra bitartean Gutxiagorekin gehiago egin arte tailerra izan dute Oñatiko gaztetxoek. Hala, herrian bertan jasotako hondakinak hartu eta denetariko artelanak egin dituzte gero herriari erakusteko. Ruben Fuentes artista kubatarra izan da ikastaroaren gidari eta bai Fuentes eta bai gaztelekua pozik agertu dira tailerrak gaztetxoen partetik izan duen erantzunarekin.

Birziklapena eta artea eskutik helduta izan ziren Oñatin joan den martxoaren 14tik 18ra bitartean. Oñatiko gaztelekuak beste eskaintza berezi bat antolatu zuen herriko gaztetxoendako, Gutxiagorekin gehiago egin izeneko arte tailerra, hain zuzen.
Joseph Beuys artista alemaniar ezagunak zioenez, "edozein pertsona da artista bat, haren ingurua aldatu eta hobetzeko gaitasuna duen heinean". Bada, esaera famatua errealitate bihurtu da beste behin; Oñatin oraingoan. Izan ere, arte tailerretan parte hartu duten gazte oñatiarrek euren herrian bertan jasotako hondakinekin –hots, ingurua hobetuz– artea egiten ikasi dute.


Teoriatik praktikara
Ruben Fuentes artista kubatarra izan da tailerren gidaria. Lehen egunean gaia kokatu zuen Fuentesek ordu eta erdiko klase teorikoan. Hondakinak eta material naturalak erabili izan dituzten artistak aurkeztu eta euren lanak aztertu zituzten, ikus-entzunezko proiekzio baten bidez. Erakutsitako adibideek komunean zutena: lan guztiak inongo baliorik ez duten materialez osatutako artelan ederrak zirela.
Bigarren egunetik aurrera ikasitakoa praktikara eroan zuten gaztetxoek. Errekara joan ziren, Olaran ingurura, bertako zaborrak jasotzeko. Aurkitutakoak harritu egin zuen Jose Mari Azpitarte tailerren antolatzaile izan den gaztelekuko arduraduna: "aspaldi errekara joan gabe nengoen eta tamalez espero baino zabor poltsa gehiago aurkitu genituen". Izan ere, tailerrak badu zaborra dela-eta jendea kontzientziatzeko helburua. Fuentesek dioenez, "herrian jasotako hondakinekin artea eginez jendearengan erantzun bat sortzea nahi dugu, artea kontzientzia eraldaketarako tresna moduan erabiliz".
Gaztelekuan izan diren arratsaldeetan –17:30etatik 19:00etara– denetariko artelanak egin dituzte: eskulturak, horma irudiak, margolanak...

'Safari artistikoa'
Lau eguneko ikastaroari amaiera emateko lan txikiak bilduz panpin erraldoia egin zuten. Lan horretarako lehengaia Fuentesek berak batu zuen eguazten goizean errekan, Casablanca auzoan. Aipatu ekintzari safari artistikoa deitzen dio artista kubatarrak. Ehizaldian 23 zabor poltsa batu zituen 20 metro koadrotan. Orain, ehizatutako zaborrekin egindako panpina herriari erakutsiko diote.

Bi aldeen balorazio positiboa
Antolakuntza eta Ruben Fuentes bera pozik agertu dira ekimenak izan duen erantzunarekin. Parte hartzaile kopurua ez da finkoa izan, gaztelekuko arduradun Jose Mari Azpitartek jakinarazi duenez, "aisialdi orduko jarduera zenez, etortzea borondatezkoa zelako". Hala, egunez egun parte hartzaileak ezberdinak izan dira, bataz beste 20 gaztetxo egunero. Gaztelekuko ekintzetan gertatu ohi denez, arte tailerretan ere aste bukaeran izan du parte hartzaile gehien.
Bestalde, tailerren irakasleak ere eskolaz kanpoko jarduera izana nabarmendu du. Horregatik, dio Fuentesek, "gaztetxoak erakartzeko ahalegin berezia egin behar izan dut, tailerra bera joko bat balitz bezala aurkeztuz". Eta helburua bete du: "azalpenak adi entzun eta gogotsu lan egin dute lau egunetan zehar", jakinarazi du artista kubatarrak.

Kubatik datorren artistaren gidaritza
Zaborretara botatzen ditugun edo guretzat balio gutxi duten materialekin artea egiten aditua den Ruben Fuentes izan da Gutxiagorekin gehiago egin ikastaroaren gidaria. Kubako Matanzas hirian jaio zen, 1980ko ekainaren 27an eta oso txikitatik erakutsi zuen arte ederrekiko zaletasuna. La Habanako Arte institutuan arte plastikoetan lizentziatu zen, 2006an.
Hamaika erakusketa zabaldu ditu Kuban, bakarrik zein taldeka. Haren  azken obrek lotura zuzena dute naturarekin. Erakusketetan parte hartzaile soila baino antolatzaile eta kudeatzaile lanak egin ditu; Oñatin argi erakutsi du antolatzen dituen ekitaldietan izan ohi duen inplikazioa. Gainera, burututako sormen lan handiagatik saritua ere izan da. Izan ere, artea ekoizteaz gain, ikerketa lanak garrantzi handia du Fuentesen bizitzan. Eta ez hori bakarrik, kultura sustatzaile aipagarria izan da Kuban. Azkenik, norberaren burua hobeto ezagutzeko irrikak budismoa sutsuki jarraitzailera eroan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak