Herriko futbol txapelketan Dollygan's garaile

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 17a, 21:21
Penaltietan nagusitu da Dollygan's taldea herriko futbol txapelketako finalean. Norgehiagoka ia guztian markagailuan aurretik izan da Dolly lehenengo zatiko 20. minutuan Albizuk egindako golari esker. Baina, partidua amaitzear zela, Gaur Bai taldeko beteranoek berdinketa lortu dute. Hala, penaltietan erabaki da txapelduna. Bost penalti jaurti ditu talde bakoitzak; eta, 3-3 berdindu dute. Hortaz, penaltiak jaurtitzen jarraitu dute, talderen batek huts egin arte. Azkenean, Gaur Bai izan da huts egiten lehena eta Dolly-k garaikurra eroan du.

Harmailetan giro bikaina

Dolly, baina, ez da zelaian bakarrik izan nagusi. Harmailetan ere izugarrizko giroa jarri dute Dolly-ren jarraitzaileek. Etxafuegoak bota eta bonboa eskuetan zutela, Azkoagain girotu dute. Final nagusiaren aurretik, Kopako finala jokatu dute. Gibel Boys taldeak 3-2 irabazi dio Fraka Motz taldeari. Golegileak Gibel Boyseko Marku (2) eta Ferreiro eta, Fraka Motzeko Elgero eta Azkue izan dira. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Txarrixak 5-0 nagusitu da Xaguxar taldearen aurrean.

 

Agur Ibarrari

Zapatukoa finala berezia izan da. Izan ere, aurtengoa, Azkoagainen belar naturalean jokatzen den azkeneko finala izan da. Era berean, aurtengoa, Ibarra futbol zelaian jokatu den azkeneko txapelketa izan da. Datorren urtetik aurrera, partidu guztiak Azkoagainen jokatuko dira, baina, belar artifizialean.

2007-2008 denboraldian 20 taldek parte hartu du Herriko Futbol txapelketan, guztira, 450 pertsona inguru. Jokalariez gain, bost epaile ibili dira aste bukaeratan norgehiagokak zuzentzen. 1991-1992ko maiatzean hasi ziren beteranoak Ibarra futbol zelaian jokatzen. Ordura arte, San Lorentzoko zelaian jokatzen zituzten partiduak.

 

Omenaldiak

Garaikurrez gain, orain arte futbol txapelketaren alde lan egin dituztenak saritu dituzte Azkoagainen. Ibarra futbol zelaian jokatu diren txapelketa guztietan ibili diren Jai Ari, Fraka Motz, Txarrixak eta Ankarteko taldeek saria jaso dute. Orain arteko ibilbidearen saria Xantue eta Karlos Ugartek jaso dute. Azpiazu, Altube, Arrillaga, Marku eta Lazkano epaileak ere omendu dituzte eta, omenaldi berezia jaso du Anton Sierrak urte guzti hauetan antolakuntza taldean egindako lanagatik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak