Herriaren esker ona, txistuaren maisu handi bezain apalari

Iker Barandiaran 2010ko mai. 10a, 11:52
Zapatu arratsaldean Oñatiko Santa Ana aretoa goraino bete zen herritarrez, musikari txukunez eta emozioz; halakoa izan zen Gotzon Osinaga txistulariari hainbat herritarrek egindako omenaldi-kontzertua. Izan ere, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak zilarrezko domina eman zion ekitaldian bertan.

Kontzertu dotorea

Omenaldi-ekitaldia 18:30ean hasi zen herriko plazan. Oñatiko eta beste herri batzuetako txistulariek lagunduta, Gotzon Osinagak, haren emazteak, udal ordezkariek eta hainbat herritarrek kalejira egin zuten Santa Ana antzokiraino. Ordurako, jende asko zegoen kontzertu-omenaldia noiz hasi eta eserlekua hartzeko zain; ikusmina zen nagusi zapatuan.
Eguna berezia zen eta kontzertua ere bai, jakina. Donostiako Txistulari taldeak izan zuen ohorea, Peter Ansorena gidari zutela. Osinaga adi-adi izan zuten lehenengo ilaran. Atal historikoari ekin zioten lehenengo, oso modu solemnean; horren ostean, Lesakako Urtzi Iraizozen hainbat pieza interpretatu zituzten, zortzikoak tarteko. Jose Maria Gonzalez Bastidaren pieza tradizonalek jarraitu zioten. Horren ostean, Osinagaren kantu kuttunak etorri ziren: Hartzaren ehiza ballet kutsukoa, Donostiako hiru damatxo..., Ekin eta ekin (azken hau ume koroaren laguntzarekin) eta Osinagak hainbestetan interpretatutako Txikia, hain zuzen ere.

Dagoeneko Osinaga hunkituta zegoen, baina Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kideek zilarrezko domina jarri ziotenean eta herriko hainbat lagun eta ikasle izandakoek bere alde izan zituzten hitzak entzunda, zirrara hori zabaldu egin zen areto osoan barrena. Osinagak esker oneko hitzak izan zituen guztientzat eta jasotako maitasuna emaztearekin partekatu zuen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak