Hasi dituzte Bidaurretako 500. urtemugako ospakizunak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abu. 11a, 13:27
Oñatiko Bidaurreta monasterioak 500 urte bete ditu aurten. Hori dela-eta, urteurren ospakizunak hasi dituzte. Hain zuen, Martin Mendizabal frantziskotarrak ekin ditu ekitaldiak. Bidaurretan bertan monasterioaren gaineko hitzaldia egin zuen. Nork eraiki zuen eta garai hartako Oñatiko kontuak azaldu zituen. Elizan batu ziren 70 bat lagunek gustura entzun zuten frantziskotarraren hitzaldia.

Monasterioak Juan Lopez de Lazarraga eta Oñatiko kondearen arteko liskarra du jatorrian.

Juan Lopez de Lazarragak sortu zuen

1510. urteko martxoan hasi ziren altxatzen eraikina, Juan Lopez de Lazarraga eta haren emazte Juana de Ganboaren agindupean. Lazarragak San Migel parrokiako pietatearen kaperan mausoleoa eraikitzea gura zuen; baina, orduko kondeak ez zion utzi. Hala, bere monasterioa eraikitzea erabaki zuen; Bidaurretakoa, alegia. Bidaurretaren sortzaileen hilobiez gain, beste 218 familien hilobiak ere badaude monasterioa.

Moja klaratarrak

Monasterioa eraiki zenetik 300 moja klaratar baino gehiago bizi izan dira bertan. Gaur egun 36 ahizpa daude, horietatik 4 korearrak.

Gotikoa, berpizkundea eta mudejarra

Bidaurretako monasterioa Gipuzkoako lehen moja komentua izan zen. Argi eta garbi gotikoak diren elementuak ditu eta baita berpizkundeko eta  mudejar elementuak ere. Eraikin zurrun eta soila da, harlanduzko aparailuz eraikia fundatzailearen aginduak jarraituz. Patioa eta klaustroa ditu, eta hauen inguruan monasterioko gelak daude. Monumentu historiko-artistiko izendatua dago 1980tik. Bertako elizako erretaula ere, XVIII. mendeko rococoa, monumentu izendatua dago.

Urteurrena gogoratzeko postalak

Bestalde, Udalak eta CECA filatelia elkarteak urteurrena gogoratzeko hiru postal eta zigilu bat atera dute. Postalak salgai daude Turismo bulegoan eta herriko estankoetan 0,35 euroren truke; zigilua, ostera, euro baten truke eros daiteke Turismo bulegoan. Jabi Erostarbek diseinatutako postalak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak