Hasi dira kobratzen lurrazpiko aparkalekuak erabiltzeagatik

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 21a, 22:45
Udal arduradunek adierazi dute, lurrazpiko aparkalekuekin lortu nahi dutena autoak kaletik kentzea dela. Era berean, atzerapena ezarri duten kontrol sistema konplexuaren ondorioa izan dela adierazi dute.

Badira zenbait egun Oñatiko Zubikoako eta Kalegoieneko lurrazpiko aparkalekuetan autoa uzteagatik kobratzen hasi direla. Berez, pasa den urtarrilean ziren hastekoak kobratzen, baina ezarri duten kontrol sistema konplexuaren  ondorioz, atzeratu egin behar izan zuten. Sistema berezia da eta udal ordezkariek azaldu dutenez, Kopenhageko sistema hartu dute eredu.

Hala,  bi aparkalekuetan ez da langilerik egongo. Ezarri duten bideozaintza udaltzainek udaletxetik kontrolatuko dute. Sortu daitezkeen gainerako arazoak edo eginbeharrak, Arrasateko Biteriko aparkalekuetako zaindarien ardura izango dira. Izan ere, bi herriak konektatuta egongo dira eta
arazorik egonez gero, Arrasatetik abisatuko diete udaltzainei eta mantenimendukoei.

Prezio sinbolikoa

Angel Biain hirigintza zinegotziak onartu duenez, kobratzen hasi direnetik, ez dute erabiltzaile asko izan baina adierazi du era berean du udalaren helburua dela zerbitzu bat eskaintzea eta autoak herriko kaleetatik kentzea.

Zentzu horretan, esan du aparkatzaeagatik kobratzen dena ez dutela negozioa egiteko helburuarekin kobratzen; sinbolikoa dela gaineratu du,  kotxeak aparkalekuetan denbora luzean egon beharrean, errotazioa egon dadin bermatzeko. Hala, doan izango da lehenengo orduerdian lurrazpiko aparkaleku hauetan autoa uztea,  eta hortik aurrera, minutuko 0,0133 euro kobratuko dute, orduerdiko 40 zentimo inguru. Bosgarren ordutik aurrera, minutua garestiagoa izango da, 0,0167 euro, hain justu ere.

Honetaz gainera,  Udaletik jakinarazi dute bi aparkalekuetako  aparkaleku publikoez gain dauden aparkaleku pribatu batzuk oraindik saltzeke daudela. Hala, Kalegoieneko 117 aparkaleku pribatuetatik heren bat saldu gabe dago, eta Zubikoako hamahiru aparkaleku pribatuetatik zazpi.





ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak