Hasi da lanean Debagoienari zerbitzua emango dion anbulantzia medikalizatua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko abe. 17a, 16:46

Gaur aurkeztu dute Oñatiko udaletxean Zubillagatik lan egingo duen anbulantzia medikalizatua. Osakidetzako osasun laguntzako zuzendaria Michol Gonzalez, Lehendakaritzako eta Foru administrazioko diputatu Edurne Egaña eta Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak egin dute zerbitzuaren aurkezpena.

Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak azpimarratu du egun pozgarria dela debagoiendarrentzat; izan ere, orain arte Elgoibartik etorri behar izaten zuen anbulantziak. Hala, itxaron denbora 30 minututik bost minutura jaitsiko dela esan du Oñatiko alkateak. Gaineratu du benetan pozgarria dela ibarrerako osasun zerbitzu berria aurkeztea; are gehiago larrialdi zerbitzu bat bada.

Laugarren anbulantzia

Diputazioak 33.000 euro gastatu ditu Zubillagako zerbitzuan. 90 metro koadroko azalera egokitu dute horretarako. Lau pertsonentzat bi logela, 20 takila, bulegoa, sukaldea eta beste hainbat zerbitzu jarri dituzte. Guztira 15 profesional ibiliko dira lanean Zubillagan: bost mediku, bost erizain eta bost gidari.

Debagoiena osoa

Zubillagako anbulantziak 70.000 pertsonei emango die zerbitzua. Debagoienaz gain, Arabako Aramaio eta Legutio, eta Bizkaiko Elorrioko gaixoak ere artatuko ditu. Esan behar da, orain arte Donostia, Tolosa eta Elgoibarren zeudela anbulantzia medikalizatuak; Oñatikoa Gipuzkoako laugarrena izango da.

19.000 irteera

EAEn 10 anbulantzia medikalizatu daude; iaz, 2007an, 18.987 larrialdi irteera egin zituzten anbulantziok. Gonzalezek esan du aurtengo urtean iaz baino %3 irteera gehiago egin direla dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak