Guraso Eskolakoek otsailean hasiko dute ikasturte berria

Mireia Bikuña 2009ko urt. 20a, 17:39
Dagoeneko zehaztu dute egutegia: Pello Biainekin adimen emozionalari buruzko eskolak egingo dituzte otsailaren 3an, 10ean, 17an, 24an, eta martxoaren 3an. Bigarren mintegia Interneten gainekoa izango da eta apirilaren 21ean, 23an eta 28an egingo dute; azkenik, drogen inguruan egingo dute berba Agipad elkartekoek, maiatzaren 4an, 11n eta 18an.

Guraso Eskolako ikasturte berrian parte hartu gura dutenek izena emateko epea zabalik dute 943 03 77 00 telefonora deituta; baina lehentasuna izango dute aurreko ikasturtean jardun zutenek: "Iaz taldea osatu zuten guraso guztiei bidali dizkiegu gutunak, eta eurek izango dute lehentasuna. Dena den, pertsona gehiagok izena emango balu, talde berriak sortuko genituzke", esan digu Udaleko Prebentzio teknikariak.
Eskola egun bakoitzean hiru orduko lana egingo dute. Teoria eta praktika tartekatuko dituzte, eta etxeko lanak ere egingo dituzte. "Gurasoen eta adituaren artean antolatzen dituzte eskolak", dio prebentzio teknikariak.

Ikastetxeen laguntza

Guraso Eskolaren helburuari buruz galdetu diogu teknikariari: "Gurasoei sortzen zaizkien arazoak azaldu eta irtenbideak topatzeko aukera eman gura diegu eskola horiekin; betiere, adituen laguntzarekin".
Guraso Eskolaren gaineko informazioa zabaltzeko eskolen laguntza izan dutela esan digute: "Gurasoen parte-hartzea gainbehera zetorren, eta iazko ikasturtea hasi aurretik estrategia aldatzea erabaki genuen. Eskolen bitartez gutunak bidali genituen, eta gurasoen erantzuna oso ona izan zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak