Gune propioa dute umeek Arantzazun

Mirian Biteri 2010eko maiatzaren 16a

Zapatuan umeendako parkea inauguratu zuten Arantzazun. Gandiaga topagunea eraikinaren kanpoko frontoian dago, eta 120 metro koadroko azalera du. Kulunkez gain, txikiendako rokodromoa ere badu.

Hitzordua zapatuan, 11:00etan, jarrita zegoen. Gandiaga topagunea eraikinaren kanpoko frontoian, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak egindako haur parkea eta rokodromoaren inaugurazioa egitekoak ziren ordu horretan.

Eguraldiak larregi laguntzen ez bazuen ere, apurka hasi zen azpiegitura berrian jendea batzen. Zain zituzten ordurako Adiskideak elkarteko Iñaki Beristain, Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga eta Arantzazuko frantziskotarren buru Joxe Mari Arregi. Beristain izan zen hitza hartzen lehena. Arantzazu gizarteratzeko egiten ari diren lana gogorarazi zuen. Aipatu zuen aspaldiko asmoa zela ingurune horretan txikiendako aisialdi gunea jartzea, umeek ere "harrera gozo eta ona" izan dezaten han.

Euskal Herrian, "erreferente"

Beristainen ostean, Lourdes Idoiagaren txanda iritsi zen. Nabarmendu zuen hemendik aurrera umeek "gune propioa" izango dutela Arantzazun, eta esan zuen zapatuko inaugurazioarekin "garai berriari" eman diotela ongi etorria: "Arantzazuko Adiskideak eta Arantzazu Gaur Fundazioa 2007an antolatu zenean, frantziskotarrak, Diputazioa, Mondragon korporazioa, Kutxa eta Oñatiko Udala hasi ziren proiektatzen 500 urtetik gora duen Arantzazuko historia zelan bultzatu. Etika, turismo edo naturarekin lotutako ekimenak daude, eta umeendako parkearekin, horrek beste dinamika batean sartzen da. Aurrerako proiekzioa da".

Helduendako pasealekua

Oñatiko alkateak gogorarazi zuen, horren harira, bestelako aisialdi proiektuak martxan jarriko dituztela laster; esaterako, helduendako pasealekua. Azpimarratu zuen, azkenik, Euskal Herrirako "erreferente" bilakatzen ari dela Arantzazu. Inaugurazio ekitaldia amaitu aurretik, Joxe Mari Arregik otoitz egin zuten eta gune berria bedeinkatu zuen. 

Jarraian, Gandiaga topagunera sartu ziren guztiak. Han gertu zuten txokolate beroa, gazta eta ardo beltza. Nagusiek mokadutxoa hartzen zuten bitartean, etxeko txikienak ezin hobeto ibili ziren, egun horretarako gertatutako jokoetan parte hartzen. Jaialdia eguerdi partera arte luzatu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak