Oñatiko Hijos de Juan de Garay enpresako langileek, hainbat herritarrek eta beste lantegi batzuetatik elkartasuna erakustera joan diren langileek Oñatiko kaleak bete dituzte gaur Garai lantegian hasi eta herriko kaleetan barrena egin duten manifestazioan. Langileek, doluminak helarazi gura izan dizkiete, Mikel Zelaiaren emazte eta senitartekoei.
Garay lantegia geratuta egon da zapatuko istripua gertatu zenetik eta gaur dolu eguna da bertan. Langileek goizean egindako asanbladan erabaki dute, bihar greba egitea Mikel Zelaiaren oroimenez, eta euren esanetan, jasaten dituzten segurtasun neurri eskasak salatzeko.
Gogoratu behar da gainera, urte eta erdiko epean bi langile hil direla Hijos de Juan de Garay enpresan, izan ere, joan den urteko martxoan, 42 urteko gizonezko bat hil zen bobina batek harrapatuta.
Enpresa Komiteko presidete Mikel Oleak adierazi duenez "azken hilabeteotan lantegian gertatu diren istripuak jasaten dugun presioaren ondorio dira, izan ere, azkenaldian presio handia dugu lanean, eta lan bikoitza egiten dihardugu"
Horiek horrela, langileek, ardurak eskatuko dituzte lantegiko agintarien artean, eta tubotako ekoizpen lerroko zuzendari nagusia kargutik kentzea eskatu dute dagoeneko.
Zapatu goizean gertatu zen ezbeharra. Hijos de Juan de Garay enpresan, makina baten Mikel Zelaia langilea harrapatu zuen. Lankideek eta suhiltzaileek hartu zuten parte erreskate lanetan eta zauritua helikopteroz eroan zuten Bilboko Gurutzetako ospitalera. Hala ere, Osasun zerbitzuek ezin izan zuten langilearen heriotza saihestu. Mikel Zelaiaren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da arratsaldeko 7retan, Mikel goiaingeruaren parrokian.
Bihar, martitzena, Oñatiko Ezker Abertzaleak elkarretaratzea deitu du. Arratsaldeko zazpiretan izango da hori, herriko plazan.