Gorpuzti jaietako dantzak, Estatu Batuetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 9a, 13:08
Estatu Batuetan, Boisen, izan dira Oñatiko Oñatz Dantza Taldeko 38 lagun. Bertan ospatu dituzte San Inazio jaiak eta Gorpuzti jaietako dantzak egin dituzte.

Boiseko dantza taldeak gonbidatuta uztailaren 25ean heldu ziren Oñatiko dantzariak bertara. Harrera egin zieten udaletxean eta lau dantza saio eskaini dituzte hiru herri desberdinetan. Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, uztailaren 28an Sant John’s elizan egindakoa izan zen oñatiarrendako. Gorpuzti jaietan Oñatin egiten diren dantzak egiten dituzte Boisen ere. "Badira 27 urte San Inazio jaietan Oñatiko Gorpuzti jaietako dantzak egiten dituztela", azaldu du taldeko Maite Irizarrek. "Jantzi eta pausoetan arazoak zeudela ikusirik iaz dantza taldeko arduradun Jesus Irizar joan zen Boisera arazotxo horiek konpontzeko. Aurten, jaietan parte hartzeko gonbidapena jaso dugu".

Esperientzia paregabea
Aurtengo San Inazio jaiak bereziak izan dira, beraz, Boisen. Oñatiko dantzariek bertako ospakizunetan parte hartzeko aukera izan dute. "Oso kuriosoa eta berezia da hemen bizi dugun festa hemendik kilometro askotara modu berezian bizi dutela eta hori mantentzeko ahalegina egiten ari direla ikustea", adierazi du Maite Irizarrek.

Euskal Etxeak ezagutzen

Boise  eta bertako San Inazio jaiez gozatzeaz gain Oñatiko dantzariek Ontario eta Ketchum bailara ezagutzeko aukera ere izan dute. Harrera oso ona egin dietela esan digute eta diasporako Euskal Etxeetan nola lan egiten duten ikustea zirraragarria dela aitortu digute. "Interesak dituzte gauza ezberdinen gainean: euskara, dantzak, herri kirolak, musika... Trikitixa eta pandero taldeak dituzte, harri-jasotzaileak ere bai. Gauza ezberdin eta polibalente asko egiten dituzte".

Lau ikuskizun
Arabakoak izan ezik Euskal Herri osoko dantzak erakutsi dituzte oñatiarrek Estatu Batuetan. Taldea 29 dantzarik, 4 txistularik, 3 trikitilarik eta arduradunek osatu dute. Ordu eta erdiko lau ikuskizun eskaini dituzte. Bueltan dira abuztuaren 3tik, baina itzultzeko irrikaz daudela esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak