Gorpuzti jaiaren nondik norakoak erakutsiko dituzte erakusketa batean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko api. 29a, 17:34

Oñatiko Gorpuzti jaia hobeto ezagutzeko aukera egongo da maiatzaren amaieran hasi eta urria bitartean. Mikel Goiaingeruaren parrokiako klaustroan Gorpuzti jaiaren nondik norako guztiak bilduko dituen erakusketa zabalduko dute maiatzaren 31n. Bost mende baino gehiagoan Gorpuzti egunez Oñatiko kaleetan prozesioan atera izan dituzten osagai guztiak egongo dira han.

"Turismo agentziak behin baino gehiagotan eskatu izan du parrokiako klaustroari balio erantzia ematea; hau da, bisitez gain beste zer edo zer egitea bertan. Modu iraunkorrean ez izan arren, aldian aldiko horrelako erakusketak egitea da aukera bat. Gainera, Apostolutza kofradiak azkenaldian egindako eskakizunari erantzuna ere bada", dio Ernesto Murgiondo Oñatiko Kultura zinegotziak. Hala, joan den urte amaieran hasi ziren gaia lantzen; Hurbil Kulturgaiak enpresarekin harremanetan jarri eta aurrekontua eskatu zuten.

15 pausu egongo dira

Apostolutza kofradiako Jesus Irizar Txutxinek ondo ezagutzen du Gorpuzti eguna eta egun horren inguruan dagoen lana. Kofradiatik bertatik bultzatu dute erakusketa: "Herritarrek dantzariak eta apostoluak ezagutzen dituzte, baina horren atzean dagoena herritarrei ezagutaraztea da erakusketaren helburua", dio Txutxinek. Guztira 15 pausu egongo dira erakusketan; gainera, parrokoa joaten den palioa eta apostoluen jantziak eta bestelakoak ere egongo dira. Sei metrotako erakusleiho batean manikiak egongo dira, dantzarien, apostoluen, Kristoren eta Mikel Deunaren jantziekin.

Ez da egunero zabalik egongo 

Dagoeneko hasi dira egokitze lanak egiten parrokiako klaustroan. Argiztapen berezia jarriko dute erakusketako elementu guztiek bere garrantzia izan dezaten. Erakusketaren aurrekontua 30.000 eurokoa da. Bestalde, erkusketako elementuen argibideak idazteko ardura Gerardo Elortza historiagileak hartu du.
Erakusketa ez da egunero ezta hilabete guztietan zabalik egongo. Baina, horren guztiaren berri, maiatzaren 21ean Parrokiako klaustroan egingo duten prentsa aurrekoan emango dutela gaineratu du Kultura zinegotzi Murgiondok.

Dantzariak, entseguetan  

Gorpuzti jaian ia Mikel Deuna bezain garrantzitsuak dira dantzariak. Oñatz dantza taldeko dantzariak arduratzen dira Oñatiko kaleak kriskitin soinuaz alaitzeaz. Ia hilabete da dantza entseguekin hasi zirela. "Astean hiru entsegu egiten ditugu; bi Gorpuzti eguna preparatzeko eta beste bat bestelako dantzekin", azaldu du Txutxinek. Bost dira Gorpuzti eguneko dantzak; eta, baita, domeka arratsaldean plazan egiten duten aurreskua ere. Dozenatik gora dantzari dabil entseguetan egun hauetan.
Urtean zehar Santa Anako komentuan egoten dira prozesioko arropak. Mojen ardura da Gorpuzti domekarako arropak garbitu eta txukun uztea. Egunean bertan, kofradiako arduradunak joaten dira arropak jasotzera; gero, Santa Ana aretoan janzten dira guztiak. Aurten, ez da berrikuntzarik izango; Mikel Deuna iazko bera izango da: Jose Antonio Agiriano.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak