Gol bariko derbi aspergarria jokatu dute Aloñak eta Bergarak Azkoagainen

Mireia Bikuña 2009ko aza. 15a, 22:49

Lehen zatian Aloñak menderatu du jokoa, eta bigarrenean Bergarak; baina, aukera gutxi egin dituzte eta azken metroetan huts egin dute. Azkoagainera hurbildu diren zaleak aspertu egin dira.

Derbietan emozioa izaten da nagusi, baina atzo Azkoagainen Aloña Mendik eta Bergarak jokatutako derbian ez zen emoziorik egon. Harmailetan bildu ziren futbol zaleak aspertu egin ziren, eta ez zuten golik ikusi. Derbi gogorra eta intentsua izan zen, baina joko gutxikoa.

Lehen zatian, aloña hobeto...

Bi taldeak gogotsu irten dira zelaira. Azkoagainek dituen neurrietara egokitzeko Bergarako entrenatzaileak bost jokalari jarri ditu atzeko lerroan. Hala, Aloñari kosta egin zaio defentsa gainditu eta gol aukerak egitea. Dena den, oñatiarrak izan dira lehen zatia menderatu eta gol aukerak egin dutenak.
Lehen zatiko 18. minutuan Jon Astigarragak erdiraketa egin du ezkerretik eta Mikel Ibabek buruz egindako errematea kornerrera bidali du atezainak. Sei minutu geroago Astigarragak berak izan du lehiako aukerarik garbiena. Sanchezek eskuinetik egindako erdiraketa kanpora bidali du, atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoela. Atsedenaren aurretik Astigarraga korner jaurtiketarekin gol zuzena egiteko zorian egon da. Bergarako defentsak urrundu du baloia, eta Julen Barrenaren bolea langa gainetik joan da kanpora.

... bigarrenean, bergara

Bigarren zatian joko sistema aldatzea erabaki du Bergarako entrenatzaile Manu Diazek, eta jokalari gehiago ditu zelai erdian. Hala, eurek menderatu du baloia eta zelai erdiko jokoa. Dena den, bi taldeek izan dituzte golen bat egiteko aukerak. Bigarren zatiko lehen bi aukerak bergararrek egin dituzte, baina Markel Ilzarbek eta Imanol Cabanillasek egindako erdiraketak ez dituzte aurrelariek errematatu.
68. minutuan Aloñako jokalari Roberto Idigorasek area erdira bidali du baloia, baina Iñigo Arregik ez du asmatu.
Azken minutuan bi taldeak nahi eta ezin ibili dira, eta gol barik bukatu da derbia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak