Gipuzkoa Basketekoek lore eskaintza egin diote Arantzazuko Amari

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 3a, 21:43
Duela bi urte egin zuten bezala, ACB ligara igotzea lortu dutela ospatzeko Arantzazun egon dira Pablo Laso eta bere mutilak.

Iñaki Beristain frantziskotarrak eman die ongietorria Gipuzkoa Basketekoei, eta bertan egon dira baita ere Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea, Udaleko ordezkariak eta  Iñaki Galdos, Kirol diputatua.

Miguel Santos presidentea eta Rikardo Uriz taldeko kapitaina arduratu dira lorak Ama Birjinari eskaintzeaz, eta ondoren, elizako hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute.

Duela bi urte ere bai

Duela bi urte mailaz igotzea lortu zutenean ere Arantzazun egon ziren, eta horrek zorte ona eman ziela aipatu dute Gipuzkoa Basketeko presidente den Miguel Santosek, bere hitzetan, ondoren berriz maila galdu bazuten ere akatsetatik ikasteko balio izan baitie.

Pablo Laso entrenatzaileak esan du bera oso gustura dagoela igoera lortu izanarekin, baina urte osoan zehar jokalariek, taldekoek eta zaleek egindako esfortzuari garrantzia gehiago ematen diola gaineratu du.

Rikardo Uriz taldeko kapitainak adierazi du, aurten kalitate handiko taldea biltzea lortu dutela, eta gaineratu, datrorren denboraldira begira taldeko zati nagusia mantentzea gustatuko litzaiokela. Halere Gipuzkoa Basketeko arduradunei galdera egin zaienean,  ez dute aurreratu nork jarraituko duen taldean eta nork ez.

Santos eta Pankoren arteko apustua

Umore onean egin dute gaur Gipuzkoa Basketekoek Arantzazurako txangoa, eta umore on horren seinale izan da Miguel Santos presidenteak Andy Panko jokalariari luzatu dion apustua.

Hamar euro jarri du bakoitzak, eta Lourdes Idoiaga alkatea jarri dute diruzain lanetan. Golfa izan da apustuaren ardatz: ea bietako zeinek bota urrutien golfeko pilota.

Bazkalaurretik egin dute apustua, eta azkenean presidenteak irabazi du. Seguru baina, apustua golf zelaian beharrean saskibaloi kantxan egin izan balitz, irabazlea beste bat izango zela.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak