Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten milioi eta erdi euro inbertituko ditu GI-2630 errepidearen zorua berritu eta konpontzeko. Hain zuzen ere, Jaumendiko biribilgunetik hasi eta Udana hasierara dauden 3,5 kilometro konponduko dituzte. Lanak Construcciones Públicas Coprisa S.A. enpresak egingo ditu, bost hilabeteko epearekin.
Proiektuaren arabera, berrikuntza GI-2630 errepideko 13 eta 17 kilometro puntuen arteko lau zatitan egingo da, guztira 3,5 kilometro hartuta. Lan horietan, bidezoruaren egitura birgaitu eta betun nahasketa beroko bi geruza zabalduko dira, eta gainera drainatze sarea hobetzeko hormigoizko areka egingo da tarte batzuetan.