Garagardo feria egingo dute bihartik domekara arte

19:00etan zabalduko dute Aloña Mendiko ordezkariek karpa. Guztira, 10 garagardo mota jarriko dituzte. Edatekoaz gain, jatekoa ere egongo da: txerri-ukondoa eta saltxitxa mota ezberdinak jarriko dituzte, eta oilasko izterrak egongo dira patata erreekin. Postre berezia jarriko dute. Krisia kontuan hartuta, iazko prezio berberak mantendu dituzte.

Garagardo feria girotzeko beste hainbat ekitaldi egingo dituzte. Alde batetik, gaur gauean, Gorka, Miren eta Agur taldeak erromeria egingo du; eta, bihar, Hator taldeak. Beste alde batetik, mus txapelketa jokatuko dute bazkaldu ondoren.

14 sailetako arduradunak

Aloña Mendi elkarteko 14 sailetako arduradunek egingo dituzte sukaldari eta zerbitzari lanak. Dagoeneko txandak zehaztu dituzte, eta sail bakoitzak egun eta ordu zehatz batzuk beteko ditu. Garagardo feriak bi helburu ditu: alde batetik, 14 sailen artean banatzeko, ahalik eta diru gehien batzea; eta, beste alde batetik, sailen arteko hartu-emanak, eta elkartea eta herriaren arteko hartu-emanak sendotzea. "Festa polita da, elkartea kalera ateratzeko. Gu behintzat oso pozik gaude, urtero herritarrek eman diguten erantzunarekin", esan digu Anton Intzak.

Igeriketa sailaren 25. urteurrena

Aloña Mendi igeriketa sailak 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko herri bazkaria egingo dute bihar, garagardo feriako karpan. Modu batera edo bestera, igeriketa saileko ordezkari edo kide izan diren 100 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.