Abesbatza guztiek lau kantu eskainiko dituzte: derrigorrezko habanera bat (Manuel Martinezen Habanera salada, ); norberak aukeratutako bi habanera eta polifoniako kantu bat. Ganbara Txikik, derigorrezko kantuarekin batera, Habaneras del Carnaval (David Azurza) eta Testigo de amor (Armando Bernabeu) habanerak, eta Angelus (Josu Elberdin) abestuko dituzte. Azken hori euskaraz.
Gonbidapen bidez
Azken bi urteotan antolatzaileen gonbidapena baztertu ondoren, parte hartzea erabaki dute. "2008an deitu ziguten lehen aldiz gure lana gustuko zutela esateko. Iaz ere gonbidatu gintuzten, baina Oh happy day egiten genbiltzan eta ezin izan genuen. Baina, aurten bai", esan digu Aitor Biain zuzendariak.
Urtarriletik lan handia egin dute lau kantuak prestatzen, eta euren helburua da ahalik eta lan onena egitea: "Guk %100 eman behar dugu. Ondo kantatzen dakigula erakutsi behar dugu. Gure maila ematen badugu, pozik itzuliko gara".
Irabazteko aukeraz galdetuta zera esan digu: "Gure helburu nagusia ez da txapelketa irabaztea. Lan ona egin arren irabazten ez badugu, besteak hobeak izan direlako izango da. Dena den, sariren bat lortzen badugu, askoz hobeto".
etorkizunerako
Torreviejatik bueltan ez dute atsedenik hartuko. Zumarragako txapelketan parte hartuko dute maiatzean, eta laster hasiko dira Gabonetarako esku artean duten proiektu erraldoia prestatzen. "Andoni Salameroren poesia batzuekin, eta egile ezberdinek idatzitako kantuekin, emanaldia egin gura dugu. Uda aurretik hasiko gara lanean", dio Biainek.