Ganbara Txikik Torreviejako Habanera lehiaketa irabazi du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko apirilaren 25a

Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzako lagunak pozik eta sariarekin etorri dira Torreviejatik. Aste bukaeran gazte mailako Torreviejako Habanera eta Polifonia lehiaketa jokatu dute; eta, beste lau talderen aurka lehiatu ondoren lehenengo saria eskuratu dute.

Egubakoitzean, zapatuan eta gaur izan ziren emanaldiak. Oñatiko abesbatzak atzo, zapatua, abestu zuen. "Oso ondo abestu genuen, inpresio onarekin geratu ginen", adierazi du Aitor Biain abesbatzako zuzendariak. 

Epaimahaia txundituta

"Epaimahaiko kide guztiak etorri zaizkigu banan-banan zoriontzera. Oso talde orekatua garela esan digute, afinazio ona dugula eta eszenaratze polita", esan du pozik Biainek. 

Lau obra

Lau obra abestu zituzten oñatiarrek Torreviejan: Testigo de amor habanera –talde guztiek derrigorrez abestu beharrekoa–; Habanera salada; Tolosako inauterietan oinarritutako David Azurzaren Habanera del carnaval; eta, Angelus polifonia.

Cubatarrak bigarren

Ganbara Txiki, Espainiako hiru talde eta Cubako Cantoria Solfa taldeak lehiatu dira lehiaketan. Cubatarrak bigarren postuan geratu dira eta Villanueva de la Serenako Arte Vocal juvenil hirugarren postuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak