Ganbara Txikik jaialdi batekin eman die hasiera V. urteurreneko ospakizunei

Miren Arregi Amasorrain 2008ko aza. 9a, 20:01
Ganbara Txiki Abesbatzak, zapatuan ekin zien V. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei, bide batez, haur abesbatzen zikloari hasiera emanez. Jaialdi arrakastatsua izan zen inondik inora, eta jende asko gelditu zen kanpoan sarrerak amaitu egin zirelako

Duela bost urte jaio ziren haur abesbatza bat sortzeko ilusio, gogo, asmo zein helburuak, urtez urte eta urratsez urrats, forma hartzen joan den haur abesbatza batetan bilakatu dira. Bost urte hauetako ibilbideak, abesbatzaren heldutasuna eta garapena erakusten ditu, oraindik ilusioz beteriko ume ziren kide batzuen gaitasunak eta lanerako gogoak zertara bide eman dezakeen argi eta garbi erakutsiz. Hori da, azken finean, zapatuko Ganbara Txiki Abesbatzaren V. urteurrena ospatzeko jaian Santa Ana antzokian bildutakoek ikusi ahal izan zutena; hain zuzen, haur eta gazte abesbatza batek urte gutxitan eskuratu duen heldutasun maila, 2004ko abenduan lehen kontzertua eskaini zuen abesbatza baten garapen ukaezina.


Zapatuko urteurren jaia, V. urteurreneko ospakizunen baitako ekitaldi nagusia izateaz gain, Ganbara Txiki Abesbatzak urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldiei hasiera emateko modu bikaina ere izan zen; abesbatzak, bost urteotako bizipenak errepasatu zituen, oso formato deigarri eta entretenigarrian. Hain zuzen ere, ibilbidea gaika errepasatu zuten, gai bakoitzari zegokien argazkiak pantaila batetan erakutsiz, eta hori guztia, nola ez, jaialdian ezinbestekoa zen musikarekin uztartuz. "Oso ongi joan da guztia eta umeendako ere esperientzia ahaztezina izan da" zioen Aitor Biain zuzendariak kontzertuaren bukaeran.

Abesbatzak kantari
Gai bakoitza aurkeztu ostean -hala nola, Zer da Ganbara Txiki?, bidaiak, entseguak, diskoa, proiektu musikalak... zegokion abesbatzak, abestiak eskaini zizkion ikuslegoari. Dakizuen moduan, Ganbara Txiki Abesbatza lau taldek osatzen dute – Tailer I, Tailer II, Ganbara Txikitxoak eta Ganbara Txikik–. Oñatiko Ganbara Abesbatzak ere izan zuen esku hartzea ekitaldian, bukaera aldera bi abesti eskainiz. Jaialdiari bukaera emateko, Koru biek batera, Try Jesus gospel kantua eskaini zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak