Miren Arregi Ganbara abesbatzako presidenteak azaldu du 20 minutu inguru iraungo duela euren emanaldiak. Bost obra abestuko dituzte; besteak beste, habanera, polifonia eta folklore doinuak. "Lehenengo aldia da Torreviejako lehiaketan parte hartzen duguna", hori dela-eta, ilusioz doazela gaineratu du. Helburua ondo pasatzea eta sariren bat irabaztea dela esan du Arregik. "Baina, garrantzitsuena gure lanarekin gustura geratzea izango da. Azkenaldian gorabehera batzuk izan ditugu; horregatik, gauzak ondo egiteko gai garela erakutsi gura dugu. Hori izango da garrantzitsuena", azpimarratu du Arregik.
El dique de Levante
Biharko emanaldia Francisco Grauren El dique de Levante lanarekin hasiko dute. Gainera, lan hori abesbatza guztiek derrigorrez abestu beharko dute, antolatzaile taldeak hala erabakita. Matias Anton Mena eta Javier Bustoren A tu lado lanarekin jarraituko dute oñatiarrek, eta habaneren tartea amaitzeko Ricardo Lafuenteren Torrevieja lana eskainiko dute.
Arrantzale jantzita
Polifonia pieza batekin jarraituko dute Ganbara abesbatzakoek; hain zuzen, Claudio Monteverdi italiarraren Ecco Mormorar Londe. Emanaldia amaitzeko David Azurzaren Oihan hau abestuko dute. "Lan hori euskal abestia da eta negutik udaberrirako pasoa islatzen du. Sagastiak eta sagarrondoak dira obrako protagonista nagusiak", azaldu du Arregik.
Ohiko jantziak alde batera utzi eta Torreviejako emanaldirako arrantzale jantziak eramango dituzte oñatiarrek. Esteban Urtzelairen zuzendaritzapean 32 lagunek abestuko dute Torreviejan. Arregi presidenteak gogoratu du Ganbarak azkenekoz Tolosan abestu zuela; hala, gogotsu lehiatuko dira Torreviejan.