Gabonetako argiteriarako, iaz baino diru gutxiago

Mireia Bikuña 2008ko aza. 4a, 12:14
Herriko kaleetan eta auzoetan argi-arkuak ipintzeko, gehienez, 14.000 euro gastatuko ditu Udalak (iaz 18.000 euro gastatu zituzten, eta duela bi urte, 25.000 euro). Guztira 28 argi-arku jarriko dituzte. "Jasangarritasunaren aldeko apustuarekin jarraitu gura dugu, eta kontsumo baxuko bonbillak jarriko ditugu; era berean, krisiak aurrekontua murriztera eroan gaitu", esan zuen osoko bilkuran Lourdes Idoiaga alkateak.

Argi-arku gutxiago

Aurrekontua txikitzean, herriko kaleetan eta auzoetan jarriko dituzten argi-arkuen kopurua ere txikitu egingo dute. Hortaz, guztira 28 jarriko dituzte: hain zuzen ere, Kale Barrian 10 argi-arku; Kale Zaharrean, Lizaur kaleko bidegurutzeraino 6 arku; eta San Juan kalean, Santa Marina plazan, Bidebarrietan, Olakua eta San Lorentzo auzoen arteko errepidean, Euskadi Etorbidean, Otadui Zuhaiztian, Zubillagan eta Olabarrietan, arku bana.
Herriko kaleak eta auzoak apainduko dituzten argi-arkuak abenduaren 13tik uztailaren 7ra arte egongo dira piztuta.

Mantenua

Udal ordezkariek onartutako baldintza zerrenda Gipuzkoako Aldizkarian kaleratu ondoren zabalduko dute proposamenak aurkezteko epea.
Baldintza zerrendan zehazten dira argiteria ezarri eta mantenua egin gura duten enpresek bete beharreko baldintzak. Besteak beste, Oñatiren antzeko bi herritan era honetako argiteria ipini dutela egiaztatu beharko dute, eta kontratuaren prezioa zehaztu beharko dute. Bestalde, argiak ipintzen dituen enpresa arduratuko da horien mantenua egiteaz, eta argiteria jarri ahal izateko egin beharreko lanetaz; besteak beste, argi-sarearekiko lotunea egin, argiak garraiatu eta derrigorrezko baimenak eta aseguruak eskatu. Lanak esleitzerako orduan, aurrekontua, enpresak egindako proposamen estetikoa, hobekuntzak eta elementuak jartzen eta kentzen emango duten denbora baloratuko dituzte. Arlo bakoitzari 25 puntu emango dizkio epaimahaiak. Jasotako proposamen guztian artetik puntu gehien lortzen duenari emango dizkiote lanak.
Azken urteotan Astigarragako Maykolux enpresa izan da herriko kaleetako eta auzoetako Gabonetako argiteria eta apaingarriak ipini dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak