Gabonetako argiak ipintzeko lanak esleitu ditu Udalak, 17.950 eurotan

Miren Arregi Amasorrain 2007ko urr. 31a, 12:06
Osoko bilkura egin zen urriaren 25ean. Bertan, besteak beste Maykolux SL enpresak Gabonetako argiak ipiniko zituela onartu zuten. Baita Administrari eta administrari laguntzaile lan poltsa sortzeko baldintzak ere. Hona hemen osoko bilkuran landu eta onartutako beste gai batzuk:


Joan den egueneko osoko bilkuran erabakitakoaren arabera, Maykolux enpresak ipiniko ditu Gabonetako argiak herrian. Aurreko urteetan, 25.000 euro inguru zuzendu izan dira gai horretara, eta aurten, Gabonetako argiteriari dagokionez aurreztea erabaki du Udalak; hala, 17.950 euro  kostatuko da aurten Gabonetan herriko kaleak argiz apaintzea. 

Administrari lan poltsa

Administrari zein administrari laguntzaile lan poltsa sortzeko oinarrien proposamena ere onartu zuten joan den asteko osoko bilkuran. Honakoak dira deialdiaren oinarriak: helburua da udal zerbitzuetan gerta daitezkeen gaixotasun bajak edo administrari laguntzaileak eta administrariak ordezkatzeko lan poltsa osatzea.
Administrari laguntzaile lan poltsarako bete beharreko baldintzak hauek dira: adinez nagusi izatea, eskola graduatua izatea, LH-I edo pareko ziurtagiriaren jabe izatea eta eginkizun publikoetan jarduteko ezgaitua ez izatea. Horrez gain, euskarazko 3. hizkuntza eskakizunari dagokion maila ere eskatzen da.

Administrari lanpostuak betetzeko lan poltsak, ordea, bestelako eskakizunak ere baditu: aurkezten denak batxilergoa, LH-II edo baliokidea den titulua ere izan beharko du. Bada, eskaera curriculumarekin eta aurkeztutako tituluen ziurtagiriekin egin beharko da.
Hain zuzen, eskaera aurkezteko epea azaroaren 17an amaituko da. Esperientzia, informatikako ezagutzak eta euskara maila ere baloratuko dira.

Etxe tasatuak

Bestalde, Otadui zuhaiztian etxebizitza tasatuko lau bloke eta 32 etxebizitza eraikiko dituzte. Guztiek ere garajea izango dute. Sanmartinalde SL eraikuntza enpresak egingo ditu lanak. Etxebizitza berriok Otadui zuhaiztiko 64, 66, 68 eta 70. zenbakiak izango dira.
Bestalde, Ugarkaldeko etxebizitza tasatuen gaineko informazioa eskuratzeko Lizaur kaleko 5. zenbakiko bulegora joan behar da. Zubian itxita egongo da, bihartik domekara bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak