Gabonak elkartasun giroan ixteko bi azoka izan dira herrian

Goiatz Arana Begiristain 2008ko urt. 6a, 16:51
Bidezko Merkataritza denda zabalik egon da abenduaren erditik urtarrilaren 5era. Biharamunean, erreleboa hartu dio euskal preso politikoen aldeko bigarren eskuko azokak.

Arropak, bitxiak, jateko eta edatekoak, xaboi naturalak, panpinak, jokoak,... denetarik saldu dute, Oñatiko Pastoral Barrutiko Misio Taldeak antolatuta, Don Pedruena etxeko lokalean egon den dendan. Egun dezentetan egon da zabalik eta mugimendu polita izan da. India, Pakistan, Peru, Ekuador edota Bolibian ekoiztutako produktuak dira saldutakoak eta helburua da, bitartekaririk gabe, horiek egiteko lanean jardun dutenei soldata hobeago bat helaraztea, baita beste proiektu batzuetarako dirua batzea ere: Argentina iparraldean lau mila metrotara bizi diren queta indiarrentzat ura ateratzeko errotak egitea izan da azkena, eta Afrikako Benin herrialdean eskola bat egiteko lanean hasi berri dira orain. Anparo Biziola Oñatiko Pastoral Barrutiko Misio Taldeko kideak azaldu digunez, litekeena da proiektu hori beste herriren batekin elkarlanean ateratzea aurrera, kontuan izanik 132 mila euro batu behar dituztela horretarako.

Euskal preso politikoen aldeko 2. eskuko azoka

Elkartasuna adierazteko beste aukera bat ere izan da herrian: euskal preso politikoen alde errege egunean plazan ipinitako salmenta postua, hain zuzen. Antolatzaileek egindako deialdiari erantzunez, erabiltzen ez dituzten arropa eta osagarriak Arrano tabernara eraman zituzten oñatiarrek hilaren 3a baino lehen, eta bertan bildutakoak salgai ipini dituzte domekan, urtarrilak 6, plazan. Euskal preso politikoen alde dirua batzea da helburua. Eguerdian, salmentak bide onetik zihoazela adierazi digute antolakuntzatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak